Nasrin Sotoudeh iraniarra, erresistentziaren ikurra

Nasrin Sotoudeh abokatu iraniarrak urtebete eman du kartzelan giza eskubideak defendatzeagatik. Oraingoa ez da espetxean egon den lehenengo aldia, baina aurtengo martxoan ezarri zioten epaia —38 urteko kartzela zigorra eta 148 azote— honelako kasuen artean gogorrenatariko bat da, Amnistía Internazionalaren ustez.

Sententzia ezagutu aurretik, erakunde horrek sinadura-bilketa kanpaina jarri zuen martxan haserrea adierazteko eta aktibistaren askatasuna eskatzeko. 200 herrialdetako milioi bat atxikimendu lortua zituen ekimenak pasa den asterako.

Sotoudeh-ek bizitza osoa eman du giza eskubideen alde borrokan. Militante feministak, heriotzera kondenatutako adin txikiko eta ‘hiyab’ (zapi islamikoa) derrigorrez eramatearen kontra dauden kazetari edo emakumeak, besteak beste, defendatu izan ditu abokatu gisa.

“Zuzenbide Internazionak ez du honelako zigorrik, tortura diren zigor ankerrak, onartzen”

“Tortura diren zigor ankerrak”

2010ean atxilotu eta bakartze erregimenean espetxeratu zuten ustez Estatuaren kontrako propaganda eta ziurtasun nazionalaren kontra egiteagatik. Tratu txarrak jasan zituen eta hilabeteko gose greba egin zuen. Hiru urte pasa eta gero aldi baterako askatasuna lortu zuen. Kontrolatuta bizi behar izan zuen eta ogibidean aritzea debekatu zioten.

Pasa den urteko ekainean berriro atxilotu zuten. Oraingoan propaganda zabaltzeagatik eta iraultza iraniarren ‘lider goreneko’ Ali Jameneiri men ez egiteagatik. Gainera,  giza eskubide elkarteen kide izatea eta ustelkeria eta prostituzioa sustatzea egotzi zizkioten, azken akusazioak zapia eramateko emakumeen askatasuna defendatzeagatik.

Amnistia Internazionalaren bozeramaile Yolanda Vegak dioenez, “orain dela urte asko ez genuen  ikusten Sotoudeh-ek jaso duen besteko zigor gogorra, gainera zigor fisikoa. Zuzenbide Internazionak ez du honelako zigorrik, tortura diren zigor ankerrak, onartzen”. Vegaren ustez, Sotoudeh-ek Iraneko agintariak “haserretu ditu” euren botereari kalte egin diolako bere jardueraren bidez.

Epaiketa apelazio fasean dago, baina Sotoudeh-ek ez ditu, ez auzia, ezta zigorra ere apelatuko, epai zuzena eduki ez zuela uste duelako. Gainera, epaia onartzeak tribunala eta auzia ontzat ematea suposatuko luke, bere ustez, eta ez du hori nahi.

Errepresioa handia da

Iranen legedi islamikoa oso zorrotza da eta betearazteko moralaren polizia dago. Oso herrialde gaztea da eta gazteria oso ondo prestatuta dago. Iraultzak emakumeentzat ekarri duen onura bakarra unibertsitateetara sartu ahal izatea izan da. Beraz, andrek ere oso maila akademiko eta profesional altua daukate. Horrek erregimenaren aginduen kontra egitera eramaten dute nahiz eta errepresioa handia izan.

Gazte iraniarrak oso ohituta daude sare sozialak erabiltzera eta azkenaldian emakumeek zapia kendu izan dute publikoki eta ekintza horiek bideoan grabatu dituzte Interneten zabaltzeko. Hori egin duten emakume asko defendatu izan du Nasrin Sotoudeh-ek. Gainera, horregatik espetxeratutako emakume asko bisitatu izan ditu kartzeletan eta hortik omen dator prostituzioa sustatzen duelako akusazioa.

Sotoudeh-ek senarraren baldintzagabeko babesa du. Honek bere egoera salatu du etengabe eta hori dela eta, bera ere 2018ko irailean atxilotu zuten. Pasa den urtarrilean 6 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Momentuz kalean dago baina batek daki noiz arte.

Nasrin Sotoudeh-entzat bere bi seme alabengandik urrun egotea da kartzelan egotearen gauza gogorrena

“Zugan pentsatzen ari naiz etengabe”

Nasrin Sotoudeh-entzat bere bi seme alabengandik urrun egotea da kartzelan egotearen gauza gogorrena. Bere sumina eta maitasuna adierazi izan dizkie etengabe, Amnistia Internazionalak kaleratu zituen gutun batzuetan irakurri daitekeen bezala. Hori latza bada ere, erdiragarriagoa izan da berarentzat senarraren atxiloketaren eragina seme-alabekiko. Zera esan zion bere seme txikiari gutun batean: “Egun hauetan zugan pentsatzen ari naiz etengabe. Zelako bakardadea sentituko duzun. Harro sentiarazten gaituen gure Mehraveh (alaba) maiteaz ere akordatzen naiz. Orain zure ardura hartu eta aita eta ama aldi berean izan behar du”. Eskerrak handik hilabete batzuetara gizona libre utzi zuten. Noiz arte?