Nagore Laffage eta ‘la Manada’ kasuetan oinarrituz, euskarazko lehen fikzio dokumental estiloko antzezlana

Nagore Laffage eta Iruñeko talde bortxaketaren kasuak, aktoreen gertuko esperientzia errealekin batera, izan dira datorren asteburuan, 22an eta 23an, Donostiako Gastezena aretoan estreinatuko den euskarazko ‘fikzio dokumental’ estiloko antzezlan aitzindari honen bizkarrezurra. ‘Birritan bortxatua’ izena du lanak, eta, emakumeak bortxaketa baten ostean jasaten duen biktimizazio bikoitzaren argazki gogorra da: zer pasatzen da bere burutik? Zergatik galdetzen diote galdetzen diotena? Zergatik berpizten diote dena berriro?

Saioa Royo (Donostia, 1975) biktimaren paperean ariko da, eta Ion Martinez ‘Txiki’ (Donostia, 1980), ordea, fiskalaren eta defentsaren abokatuaren papera egingo du. Euskal Herri osoan egindako biran aurkeztuko dute antzezlana, eta, bertako elkarrizketetako batzuk, gainera, bene-benetakoak dira.

Aldatzen Laguntzen Antzerki Taldeak hamarkada bat bete duela bide -2010etik 2020era, hain zuzen-, testuinguru horretan kokatu nahi izan dute aktoreek obra: “Hau laugarren antzezlana dugu eta pausu bat eman nahi izan dugu gure ibilbidean. ‘Txikik’ aspalditik buruan zuen ideia, eta, dokumentazio lan sakon bat egin ondoren, martxan jarri zuen”, azaldu du Royok. Hala, orain urtebete ekin zion Martinezek gidoia prestatzeari: “Nagore izeneko 44 urteko emakume bat bere herriko jaietan bortxatu dute 2016ean. Herriko ezagun batek egin du. Nagore epaiketara doa, eta, egiten dioten galdeketek beregan zer eragin duen azalduko dugu. Hori da ardatz nagusia”, adierazi du.

Errealitatetik abiatutako fikziozko historia

Nola taxutu duten ‘fikzio dokumental’ estiloko istorio hau? “Errealitate desberdinetatik abiatutako fikziozko historia bat da. Hau da, ni antzerki-gidoia ikasten ari nintzela, esaten nion ‘Txiki’-ri: ‘Fiskalak egindako galdera hau zuk asmatuko zenuen, ezta?’. ‘Ez, ez, hori benetakoa da’. Gero kokatu egin ditu Ionek, baina gauza asko benetakoak dira”, azpimarratu du Royok.

Hala ere, Martinezek argi utzi du ez dutela errealitatearen “transkripzio garbirik” egin nahi izan: “Galderak hartu ditugu, oso potenteak baitira, baina gure historia errealitatean oinarritutako fikziozko istorioa da. Epaiketako galdera gehienak, esaterako, benetako epaiketetako galdera desberdinak dira, gehien bat Iruñeko talde bortxaketaren eta Nagore Laffageren epaietakoak. Honez gain, zoritxarrez gure inguruan entzundako eta bizitako esperientziez ere baliatu gara gure antzezlana osatzeko”.

Aktoreek argi dute ere testuinguru zehatz bateko ekimena dela beren obra. Hots, eurena beste ekarpen bat dela: “Abiapuntua Nagore Laffageren kasua izan zen. Hortik argiago azaleratu, bisibilizatu edota jendarteratu baitzen eraso matxisten aurkako gizartearen mobilizazioa, eta, mugimendu feministak bultzatzaile handienak izan ziren. Ondoren, talka handia egon zen Iruñeko talde bortxaketaren kasuarekin, eta gizartearen mobilizazioak inoiz ez bezalakoak izan ziren. Horrek guztiak eragin zuzena izan zuen gugan, eta antzerkiak eskaintzen dituen elementu guztien laguntzaz gure harri koxkorra jarri nahi izan dugu antzezlan honekin”, esplikatu du Martinezek.

“Bortxaketa baten aurrean, bortxatzailearen kontra daukadan tresna bakarra epaitegia da, eta, epaitegian bortxatua sentitu naiz”

Izan ere, zergatiaz itaundurik, honakoa erantzuten dute: “Askotan pentsatzen dugu horrelako gauzak ez direla euskal jendartean gertatzen, eta hemen ere badira. Gu antzerkilariak gara, eta, jendartearekin batera joan nahi dugu gure ekarpena eginez”.

Lehen euskarazko antzezlan “gordina”

Emakumeen sexu-erasoei buruzko obra “aitzindaria” dugu honakoa, izan ere, orain arte ez baita euskaraz honelakorik sortu. “Egin dira modu bateko eta besteko antzelanak indarkeria matxistaren inguruan, baina hau izango da bai indarkeria matxista, bai estadu boterearen patriarkaltasunaren gaia era gordinean jorratuko dituen euskarazko lehen antzezlana”, azpimarratu du Royok. Errealitatetik abiatutako fikziozko antzezlana da.

Izenburuari dagokionez, ‘Birritan bortxatua’ izena du lanak; izan ere, “azkenean gure hausnarketa da: bortxaketa baten aurrean, bortxatzailearen kontra daukadan tresna bakarra epaitegia da, eta, epaitegian bortxatua sentitu naiz ni: hedabideak zure gainean dituzu, kasua toki guztietan azaldu da, epaitegira zoaz, berriz kontatu behar duzu dena denen aurrean… Hortaz, azkenean, gure ondorioa da bigarren aldiz bortxatua epaitegian izan dela. Hori izan da niretzako obra honetan fuerteena”, dio Royok.

Antzezlan honekin bi aktoreek helarazi nahi dutena da, zehazki, “zer hizkuntza erabiltzen den gaur egungo gizarte patriarkalean, esaterako, biktima ‘salatari’ gisa azaltzen baita epaitegian. Eraso matxistak eta emakumearen aurkako bortizkeria egunero entzuten dugu, eta, azkenean, informazio horrek sentsibilizatzen gaitu. Hala, gaia jorratzea erabaki dugu, lehenik, guretzat, alegia, dramaren inguruko antzezlan bat euskaraz sortzeko, antzezteko eta pertsona gisa ere aberasteko, noski. Eta bigarrenik, jendartearentzat, sentsibilizazio modura”, argudiatu du Martinezek.

Euskal Herrian bira zabala

Euskal Herria guztian zabalduko dute antzerki-lana, euren xedea gure lurretan barrena “euskarazko antzerkia ahalik eta gehien zabaldu eta barreiatzea” baita. Halatan, momentuz, hauek dira euren birako hurrengo datak:

Otsailak 22 eta 23: Donostiako Gazteszena Aretoa, 20:00etan.

Martxoak 27: Usurbilen, Nazioarteko Antzerki Egunean. 20:00etan.

Martxoak 28: Ihabar, Uharte Arakil, kulturgunean, 18:00etan.

Apirilak 26: Donostiako Doka Kafe Antzokian, 19:00etan

Maiatzak 9: Mauleko Tokia antzerki gunean, 21:00etan

Maiatzak 10: Donostiako Doka Kafe Antzokian, 19:00etan

Maiatzak 17: Azkoitiko Mataixen, 19:00etan