Nagore Laffage eta beste mila emakume

Sanferminetan 11 urte beteko dira Diego Yllanesek, bere pultsio sexualak bete nahi ez zituelako, Nagore Laffage erahil zuenetik. Urtero bezala, Bidasoaldeko Elkarte Feministak, Astelehen Lilak mugimenduarekin batera, kontzentrazioa, oroimen ekitaldia egingo du Iruñean. Astelehenean, Uztailak 1, 19:00etatik 22:00etara izango da eta horren inguruan hainbat emanaldi kultural egingo dira.

Nahiz eta Nagoreren hilketa enblematikoa eta mediatikoa izan (juridikoki ez zen hilketa matxista izan), eraildako emakume guztiak garrantzi berekoak dira. Kasu guztietan gizonen batek emakumeren bati bizitza kendu dio bere jabetza izatea, bere menpe egotea ez onartzeagatik.

Hori izaten da hilketen kausa bakarra. Ez dago besterik: ez zoramenik –Urrugnen berriki gertatutakoari buruz egunkari batek esan zuen moduan!-, ez alkohol kontsumorik –nahiz eta alkoholak agresibitatea areagotzen duen-, ezta depresiorik, ez ezer.

Gizartean errotuta dagoen matxismoa da eragilea eta emakumeok mehatxupean biziko gara matxismoa ez erreproduzitzeko neurriak hartzen ez diren bitartean. Izan ere, Estatu espainiarreko 18 eta 34 urteen arteko %77,7 gazterentzat genero bortizkeria da kezkarik handiena.

Gizartearen %50ek jasaten dugun arazoari aurre egiteko gutxi egiten dela argi dago. Zenbakiei begiratzea besterik ez dago: 104 manadatako ekintzen berri daukagu, kuadrilla horietan adin gutxikoak ere izanda (eskerrak Gorenak ‘La Manada’ren kasuan Nafarroako auzitegiek hartutako erabakiari buelta eman dion. Bada zerbait).

Estatu espainiarreko 18 eta 34 urteen arteko %77,7 gazterentzat genero bortizkeria da kezkarik handiena

Eta gutxi egiten denez edo egiten dena eraginkorra ez denez, sexuaren kulturan biolentzia guztiz txertatuta dago. Zerk elikatzen du fenomeno hori?  Gazteriaren hezitzaile sexuala porno-a dela eta 8 urterekin hasten direla porno-a ikusten diote ikertzaile sozialek. Filma genero horrek emakumeak gauza bihurtzen ditu gizonen plazererako. Nerabeek ‘fantasia’ hori errealitatea dela, sexualitatea, afektibitatea hori dela uste dute eta esperimentatu nahi dute. Hortik datoz biolentzia sexuala eta bikotearen barruan izaten den menderatze eta indarkeria.

Horrek prostituzioaren kontsumoa ere areagotzen du. Amelia Tiganus prostituzioaren mafietako biktimak porno-a prostituzioaren marketing-a dela dio. Hori gutxi balitz, ‘la Manadaren’ auzia bukatu eta berehala, Andaluziako VOX-en bozeramaileak biolentzia mota hori (berarentzat sexu-harremanak) aurrerantzean prostituzioaren barruan baino ezin izango dela posible iradoki zuen. Horrek esan nahi du prostitutak, pertsonak barik, objektuak direla eta edozer egin daitekeela eurekin. Hori bagenekien baina orain matxismoaren esentzien defendatzaileek argi eta garbi hitz egin dute eta ‘puteroei’ baimen osoa eman diete.

Honaino teoriak, burutazioak, usteak. Baina biolentzia gorputzean jasaten da, emozioak gorputzean islatzen dira eta denbora luzean, gainera. Indarkeriak emakumeen bizitza suntsitzen du. Asun Casasolak, Nagoreren amak, adibidez, nahiz eta zeharkako biktima izan, gertatu zaiona ezin duela gainditu; bizi ahal izateko, 8 pastilla hartzen dituela egunero eta estres postraumatikoa oraindik ere jasaten duela adierazi du elkarrizketa batean. Hala eta guztiz ere, egoera berean dauden beste pertsona batzuekin alderatuta hobeto dagoela dio, feministak alboan eduki dituelako. Aipatutako Tiganusek ere gauza bera aitortu zuen.

Gurean den erlijio nagusiak aldirrakatzen duen bezala, baina mezua feminismora ekarrita: feminismotik kanpo ez dago salbaziorik. Ez dago defentsarik. Ez emakumeontzat behintzat, gaur-gaurkoz.