Munduko erakunde feminista zaharrenak, Gernika Bakearen aldeko Saria

Gernika Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko saria Munduko erakunde feminista zaharrenarentzat izan da aurten, hain zuzen Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Ligarentzan, 1915ean sortua. Saria Gernika-Lumoko Kaltzada Erresidentziako zaintzaileekin partekatu dute.

Ligaren Espainiako lehendakaria Laura Alonso Canok aitorpena eskertu zuen: “Hunkituta gaude saria jasotzean, batez ere Gernikatik, miresten dugun herritik, datorrelako. Gernika bakea eta adiskidetzaren ikur inspiratzailea da”, esan zuen twiterren.

Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Nazioarteko Liga nazioarteko erakunde bat da. Holandan (La Hayan) sortu zen era guztietako gerra eta indarkerien aurka dauden emakumeak elkartzeko eta emakumeen zapalkuntza, bereizkeria eta esplotazio ororen kontra egiteko. Desarmatze unibertsalaren, gatazken eraldaketa baketsuaren, giza eskubideen eta justizia ekonomiko, politiko eta sozialaren alde egiten du lan.

Beste helburu bat da krisiei eta gatazkei alternatibak emateko gai den emakumeen ahots indartsua eraikitzen laguntzea, Bakea, Justizia eta planetaren zaintza lehenetsi nahi dituen arrazionaltasunetik abiatuta.

Gerrak eta gatazkak gizonen eta emakumeen eskubideei eragiten diete. Hala ere, indarkeriak modu desberdin eta desproportzionatuagoan eragiten die emakumeei.

Erakundearen arabera, nahiz eta emakumeak bake- eta adiskidetze-ahaleginetan eragile aktiboak izan diren eta diren, emakumeak eta genero-ikuspegia bake-prozesuetatik eta erabakiak hartzetik kanpo egon ohi dira.

Bake eta segurtasun jasangarriak

Emakumeen, gure eskubideen eta genero-ikuspegiaren bazterketa “bake eta segurtasun jasangarriak lortzeko oztopo gisa mantentzen dira, eta, beraz, ez dira alde batera utzi behar”, ohartarazi dute.

2000. urtean, NBEko Segurtasun Kontseiluak gizarte zibilaren bultzadari esker, emakumeei, bakeari eta segurtasunari buruzko 1325. ebazpena onartu zuen.

Ebazpen horrek emakumeei, bakeari eta segurtasunari buruzko nazioarteko agenda sortu du, eta gatazka armatuen genero-eragin espezifikoak nabarmentzen ditu, eta emakumeek bakearen eraikuntzan duten zeregin erabakigarria aitortzen du. Liga gogotsu ari da lanean 1325 ebazpena benetan bete dadin.