‘Hitzez eta Ahotzez’ irakurketa kolektiboaren gaia maitasuna izango da aurten. Atariko moduan, hainbat hitzaldi prestatu ditu antolakuntzak. Gaur Miren Agur Meabek bere azken liburua, ‘Hezurren erretura’, aurkeztuko du Durangoko udal euskaltegian (17:00-19:00).
Meabek (Lekeitio, 1962) bi poesia liburu argitaratu eta gero ‘Kristalezko begi bat’ (2013) ospe handiko nobela autobiografikoa kaleratu zuen. Eleberriko protagonistak bikote haustura mingarri baten ondoren, denbora baterako alde egin du adiskide batzuek Landetan utzi dioten etxera. Han bizitzako galerei, bere izateari, desamodioari eta askatasunari buruz hausnartu du.
‘Hezurren erretura’ (2019) ipuin liburuak badauka aurrekoarekin lotura, idazleak berak ‘Argia’ri emandako elkarrizketan azaldu zuenez: “Hasieratik neukan intuizioa tituluan hezurrak agertu behar zirela, elementu horrek jarraipena eman ahal ziolako nire ibilbidearen eskemari: azala, eskuak, begia…”
Memoriaren gaia oraina ulertzeko eta idazkuntzari buruzko gogoetak ere bi idazlanen elementu komunak dira eta, hain zuzen ere, bizipenek -“bizitzaren pisuak”- biografian daukaten eragina.
Feminismoaren aldarria
Bere helburua “liburu ona osatzea” izan da, “liburu eder bat, irakurlearen emozioekin, gogoetekin eta sentimenduekin nahastuko dena eta gozamen estetikoa ere sortuko diona”, azpimarratu du.
Feminismoaren aldarria presente dago Meaberen obran. Azken bi liburuetan emakumeei mezu zuzena bidali die: sufrimendutik askatasunaren bila joan daitezkeela, duintasunez eta norbere buruari barre eginda.
Gainera, egunerokoak eta autobiografia, historian zehar emakumeek erabilitako eta intimitateari begirako generoak erabili ditu. Literaturaren historian ‘Infragenero’-tzat hartu dira.
‘Hezurren erretura’, aurrekoa bezala, autobiografiaren kutsua badauka ere, fikzio gehiagoz osatuta dagoela dio idazle lekeitiarrak. Izan ere, bere adineko emakume ororen bizipenak islatu nahi izan ditu: “Protagonista neu naiz partez, baina baita nire belaunaldiko beste neska, nerabe eta emakume batzuk ere”.
Bere hurrengo erronka “ez autofikzioa, ez autobiografia ez den zerbait idaztea” dela aurreratu du.