Mariarro Arrizabalaga Ermuko feminista historikoa hil da

Mariarro Arrizabalaga

Mariarro Arrizabalaga Ermuko feminista historikoa hil zen atzo, 71 urte zituela, gaixotasun batek jota. Gaur egingo zaio agurra herriko tanatorioan, 19:00etan, eta bere kide feministek omenaldi eta errokonozimendu ekitaldia egingo diote irailaren 18an, Martxoak 8 plazan.

Arrizabalaga Ermuko Asanblada Feministako kidea izan zen trantsizioan sortu zenetik. ‘Drogetteniturri’ aldizkariak egindako elkarrizketa batean zioenez, “nire oinarri politikoetan justizia soziala zegoen, eta 1975 inguruan feminismoari buruzko aurreneko komunikazioak eta mugimenduen berriak iristen hasi zitzaizkigun. Dena zegoen egiteko, lana eta ilusioa gainezka…Garai horretan sortu  genuen Bizkaiko eta Ermuko Emakumeen Asanblada”.

Feminismoan egin zuen lan politikoaz gain, frankismoaren azken urteetan, klandestinitatean jardun zuen ETAren V asanbladatik sortu zen komunista taldean. Gero EMKn eta Zutiken militatu zuen. “Goizean, lana; arratsaldean, klandestinitatean, panfletoak egin, mezuak zabaldu… Mugimendu sozialak ere martxan jartzen hasi ginen, eta auzoetako familien elkarteak ere abian jarri genituen”,  garai hartatik  hori gogoratzen zuen.

Sahararen aldeko mugimendua

Aurreneko hauteskunde demokratikoetan herri kandidatura bat antolatu zen eta bertan parte hartu zuen. Gerora etorri zen emakumez osatutako hautagaitza betetzeko aukera eta gutxigatik ez zuten ordezkaritza lortu. Ordurako bazegoen erabat murgilduta borroka feministan eta Udalaren Berdintasun Kontseiluaren partaidea ere bazen. Horretaz gain, beste ekimen solidario batzuk ere bultzatu zituen. Garrantzitsuena, Sahararen aldeko mugimendua.

Nola ikusten zuen gaur eguneko mugimendu feminista? Hauxe bere erantzuna: “Feminismoak ibilbide luzea egin duela uste dut. 1975ean dena egiteko zegoen, tartean dibortzioaren legea, baina hasierako aldarrikapen haiek lortzen joan gara pixkanaka. Oraindik asko falta da, baina badator gazte olatu indartsua. Mugimendu handiak egin dira, baina faltan botatzen dut militantzia jarraitua gogoeta taldeetan, agenda feminista bat helburu eta abarrekin”.