Lesbiana: familiako emakume bitxia

Bilboko Sare Lesbianista taldeak ‘La Rara de la Familia (Familiako Emakume Bitxia)’ dokumentala Bartzelonako kultura lesbiana #VISIBLES jaialdian aurkeztu du hilabete honetan. Pelikula artisau-lana da, “kalitate filmiko gutxikoa”, Eider Aierdi Sare Lesbianistako kideak dioenez, baina “planteatzen diren egoerekin denok identifikatzen gara eta hori da daukan balioa”, bere ustez.

Pelikulak ordu erdi inguruko iraupena du eta bideo laburren bilduma da. Lan kolektiboa da. Sare Lesbianistak familian ‘armairutik ateratzea’ nolakoa izan zen bideoaren bidez kontatzeko gonbidapena luzatu zuen sare sozialetan eta jaso zituen aleekin muntaketa egin zuen. Nahiz eta izenburua gaztelaniaz izan, bideoak hiru hizkuntzatan daude eginda: gaztelaniaz, euskaraz eta arabieraz (marrokiar batek parte hartu du).

“Akats bat duzula pentsatzen da”

Eta nolakoa da lesbianen harrera familietan gaur egun? Zer erakusten dute bideoek? “Akats bat daukazula pentsatzen da orokorrean, baina familiaren arabera erreakzioa desberdina izaten da: kasu batzuetan liskarrak sortzen dira edo neska etxetik botatzen dute. Beste kasu askotan isilpean gordetzen da gaia”, adierazi du Aierdik. Nahiz eta homosexualitatea normalizatuago egon, “lesbofobia handia” dagoela uste du Sare Lesbianistako kideak.

Filma ‘Zinegoak’ Bilboko Gaylesbitrans Nazioarteko Jaialdiaren aurreko saioetan (pre-Zinegoak sailean) erakutsi zen eta “ezusteko arrakasta” eduki zuen. Hortik aurrera hainbat festibaletara joan da. Bartzelonakoaz aparte, Valladoliden eta Madrilen ere egon da eta laster Latinoamerikara eta Galiziara eramango dute.

“Arraroa izatea ez dago ondo ikusita”

Eider Aierdiren iritzian gai hau asko landu behar da oraindik ere. “Arraroa izatea, normatik kanpo egotea, ez dago ondo ikusita. Eta zaila da ‘lesbiana naiz’ esatea, ez bakarrik familiaren barruan, baizik eta beste leku askotan ere bai: lanean, adibidez, eta kalean espazioa aldarrikatzen duzunean ere begirada txarrak edo erasoak jasateko prest egon behar zara”.

Sare Lesbianista kolektibo transfeminista da. Agenda feministaren eta LGTBQI+ politizatzeko hainbat gai lantzen ditu kale ekintzen bitartez. Gainera, ikusgaitasuna lortzeko eta gaylesbitransen memoria aldarrikatzeko ekitaldi kontrakulturalak antolatzen ditu.

E28aren “merkantilizazioa”

Jarduera horien eta beste batzuen bitartez –hitzaldiak, kalejirak, poteoak-, “kapitalista, hegemoniko, androzentriko eta heteronormatiboa den diskurtso zenzuratzaile eta ixila” apurtu nahi dute. Feminismoa ‘lesbianizatzea’ eta gaylestrans mundua ‘feministatzea’ ere badago bere helburuen artean.

Gaylestransen kolektiboak uztartzen duen ‘Harro’ euskal plataformaren barruan dago Sare Lesbianista. Erakundeek antolatutako Bilbao Bizkaia Harro jaialdiaren kontra agertu da plataforma, ez bakarrik izenarekin dagoen nahasmenagatik baizik eta uste dutelako ekimen horrekin E28 aldarrikapenerako izan behar den jardunaldia “merkantilizatu” nahi izan dutela.