Kontatzen diguten ipuina

– Hasi nuenean, neskamearen ipuinak Offred zuen izena, bere pertsonaia nagusiaren izena
zen. Gizon baten izena, Fred, eta jabetza adierazten duen aurrizkia ditu. Izenak beste
interpretazio posible bat ere iradokitzen zuen: offered, «eskainia» Margaret Atwood

Gure jendartean eufemistikoki ‘ernalkuntza subrogatua’ deritzona praktika gisa sartzeko enegarren saiakeraren aurrean aurkitzen gara. 2006an lagundutako giza ugalketarako tekniken legea onartu zenean, zuzenean debekatu zen ordezkapen bidezko haurdunaldia. Harrezkero, gure herrialdean praktika hau legeztatzeko ahaleginak ez dira eten. Atzean duen negozioa garrantzitsua da. Ugalketa-helburuekin emakumeak esplotatzea etengabe hazi den negozioa da.

The Global Surrogacy Market Report txostenaren estimazioen arabera, 2018an subrogazio bidez jaiotako haurren salmentak 6.000 milioi dolarreko diru-sarrerak sortu zituen. Aurreikuspenen arabera, 2025ean baby business delakoaren negozio xifra 27.500 milioi dolarrera iritsiko da, hau da, 2019-2025 aldirako urteko hazkunde-tasa % 24,5ekoa izango da. 27.500 milioi dolar horietatik 17.700 milioi ugalkortasun-klinikek haiek soilik sortutako diru-sarrerak izango dira, hau da, guztizkoaren % 64; gainerakoa, % 36, merkaturatzaileen,
zerbitzu juridikoen eta satelite-enpresen artean banatuko da. Mundu mailako negozio xifra osotik, emakumeek eurek sortutako diru-sarreren ehuneko 0,9 baino ez lukete jasoko.

Emakumeok historikoki izan dugun mendetasunaz jabetu garen arren, badirudi zazpi buruko hidrari aurre egin behar diogula

2017an ere izan zen proposamen politiko bat, zeinari aurre egin zitzaion, baina etengabe entzuten ditugu politikarien testigantzak, eta badirudi aitzakia desberdinekin babesten dutela praktika hau, altruismoarena, esaterako. Etengabe agertzen dira prentsan haur bat horrela lortu duten pertsonen testigantzak, batzuk ospetsuak eta beste batzuk anonimoak.

Gerda Lernerrek 1996an ‘Patriarkatuaren sorrera’ liburuan erakutsi zuen bezala, emakumeon sexualitatea, hau da, sexu eta ugalketa gaitasun zein zerbitzuak, salgaia bihurtu ziren mendebaldeko zibilizazioa sortu aurretik ere. Kontserbatzen diren lehen testigantza idatzietan agerian geratzen da, non legeak jasotzen ziren, emakumeen sexualitatea eta ugalketa-gaitasuna arautzen zuten praktikak zehatuz, beharbada oso lehenagokoak izan zitezkeenak, emakumeak komunitateko gizonei ematen zieten zerbitzuaren arabera sailkatuz eta banatuz.

Emakumeok historikoki izan dugun mendetasunaz jabetu garen arren, badirudi zazpi buruko hidrari aurre egin behar diogula. Bat moztu orduko, beste bat agertzen da. Izan ere, Celia Amorósek dioen bezala, itun patriarkalak metaegonkorrak dira, hau da, beren menderatze-moduak etengabe eralda ditzakete, duela bi mendekoak egungoetatik hain desberdinak, kultura ezberdinetan hain desberdinak, baina beti eraginkorrak.

Sexualitatearen kontrola

Emakumeon sexualitatearen kontrola bizi garen jendarte patriarkalen sorrerazko kontu bat da. Formak aldatu
diren arren, kontrol ahalegin horrek berean dirau oraindik. Gure sexualitatea irabazi handiko negozioa da egun.

Ekainean, Bilbon, Anacer-en XVI. Kongresua egin zen (Laguntza Bidezko Ugalketa Kliniken Elkarte Nazionala). Bertan mahai-inguru bat antolatu zuten, haiek egoskorki laguntza bidezko ugalketarako “teknika” dela dioten gaia lantzeko. Ez da lehena, eta ez da azkena izango.

Espainiar estatua liderra da ugalkortasun-tratamenduetan Europan, eta badirudi klinikak irrikaz daudela alokairuko sabelen negozioarekin bat egiteko. Uztailaren 20-22an, Bilbon, Emakumeen eta Haurdunaldi Subrogatuaren Nazioarteko I. Biltzarra egingo da, Son nuestros hijos, Gure umeen ametsak, eta REDLIBRE elkarteek deituta.

Zergatik emakumeen kongresua?

Emakumeen gorputzari buruz berriz ere legeak egitearen aldeko horiek diskurtsoaren borroka galduta, negozioa sustatzeko, normalizatzeko eta zuritzeko trikimailu berria da emakumeak publikoki agerraraztea, praktika honi buruz egoki hitz eginez. Banakako testigantzak, beste batzuk ezkutatzen saiatzeko erabiliko direnak; baliabiderik ez duten ehunka emakumerenak alegia, beren gorputzak alokatu eta beren haurrak saldu behar dituztenenak, bizirik iraun ahal izateko.

Ez bakarrik hain garatuta ez dauden herrialdeetan, baita AEBetan ere, Haurren Eskubideei buruzko Nazioarteko Giza Eskubideen Konbentzioa berretsi ez duen zalantzazko tradizioa duen herrialde bat, non amen heriotza-tasa handituz joan den, herrialde garatuen artean altuenetakoa izanik eta mediku-aseguru bat oso lagun gutxiren eskura dagoen.

“Adingabeari bere jatorria ezagutzeko eskubidea kentzen zaio, eta truke-objektu gisa tratatzen zaio, gauzatzat hartzen da”

Lekukotasun horiek ez dute hitz egingo praktika legeztatuta dagoen herrialdeetara eramaten dituzten emakumeen salerosketari buruz, gure politikari batzuek hain gustuko duten altruismoaren aitzakian. Altruismo horretarako, logikoa denez, ia ez dago boluntariorik, baina atea irekitzen die emakumeen trafiko-sareei, umeen salmentari eta obuluen salerosketari, EBko hainbat herrialdetan gertatzen ari den bezala, hala nola Grezian. Lekukotasun horiek argudiatzen saiatuko dira, beste behin ere, abusurik ez gertatzeko modu bakarra praktika legeztatzea eta arautzea dela, fokua benetan garrantzitsua denetik desbideratuz: gizakiak, eta zehazki emakumeak eta haien gorputzak erabiltzen ari direla, literalki; jendarte gisa ugalketa-esplotazioa baimendu nahi ote dugun.

Ez da hitz egingo, halaber, onartuta dagoen herrialdeetan praktika arautzen duten eta prozesu osoan kontratatzaileek emakumeen bizitza arautzen duten kontratu drakoniarrei buruz. Kontratu horietan, Auzitegi Gorenak 2022ko martxoaren 31ko epaian adierazi bezala, “haurdunari mugak ezartzen zaizkio bere autonomia pertsonalean, bere osotasun fisiko eta moralean, eta muga horiek bateraezinak dira giza duintasunarekin.

Sabelak alokatzeko praktika ‘ikuspegi feministaz’ mozorrotzen saiatuko zaizkigu

Kontratu horietan, “adingabeari bere jatorria ezagutzeko eskubidea kentzen zaio, eta truke-objektu gisa tratatzen zaio, gauzatzat hartzen da”. Azken aldian ohi legez, emakumeok jomuga izan gaitzakeen edozein diskurtso
erreakzionario zuritzen eta ezartzen saiatzeko, sabelak alokatzeko praktika “ikuspegi feministaz” mozorrotzen saiatuko zaizkigu.

Duela gutxi Deia egunkariak aurreratu zigunez, kongresuaren helburua “mugimendu feministekin elkartzeko gune bat sortzen laguntzea da”, emakumeon ugalketa-esplotazioa feminismoaren askapen aldarrikapenekin inola ere lotu ahal izango balitz bezala.

Gaur egun, Ana de Miguelek bere “Neoliberalismo Sexual” liburuan dioen bezala, formalki berdintasunezkoak diren gizarteetan bizi gara, non desberdintasunak irauteko modua aurkitzen jarraitzen duen. Jada ez da erreproduzitzen legeen hertsapen esplizituaren bidez, ez eta emakumearen gutxiagotasunari buruzko ideien onarpenaren bidez ere, baizik eta ondo bideratutako “hautapen askearen” bidez. Alicia Puleok “baimenean oinarritutako patriarkatua” deitzen duenaren bidez alegia, non ezkutuko sozializazio diferentzialak, lan-merkatuan errotutako diskriminazio-praktikek eta komunikabideen bidez mito patriarkal indartsuen zabaltzeak desberdintasuna onartzea ahalbidetzen duten.

Bizi garen jendarte neoliberalek etengabe saltzen digute emakumeoi gure gorputzei etekina ateratzeko aukera

Bizi garen jendarte neoliberalek etengabe saltzen digute emakumeoi gure gorputzei etekina ateratzeko aukera. “Adostasuna, dirua eta masa-komunikabideak, onartezina dena onargarri bihurtzera mugatzen dira”, De
Miguelen aburuz. Izan ere, gure sexualitatea eta ugaltzeko gaitasuna balio izugarriko ondasuna dira oraindik, ez klanarentzat garai zaharretan bezala, merkatuarentzat baizik.

Gerda Lernerrek zioen sistema patriarkalak emakumeen kooperazioari esker funtziona dezakeela soilik. Lernerren aburuz, kooperazio hori hainbat modutan lortzen da: generoak inposatuz (sexuaren arabera bereizitako rol eta espektatibetan sozializatzea); irakaskuntza ukatuz; emakumeei beren historia ezagutzea debekatuz; emakumeen arteko banaketak sortuz, ‘errespetagarritasuna’ eta ‘desbideratzea’ definitzean, emakumeon sexu-jardueretatik abiatuta; erabateko errepresioaren etac bidez; baliabide ekonomikoak eta botere politikoa eskuratzeko diskriminazioaren bidez; eta konformatzen diren emakumeak klase-pribilegioekin sarituz. Hautsi dezagun gurpil hau.

Dei egiten diogu jendarteari oro har, eta emakumeei bereziki, uztailaren 22an, 11:00etan, Bilboko Alondegiaren aurrean manifestatzera

Ez da fikzioa Gertatzen ari da plataformatik dei egiten diogu jendarteari oro har, eta emakumeei bereziki, uztailaren 22an, 11:00etan, Bilboko Alondegiaren aurrean manifestatzera, emakumeen ugalketa-esplotazioa legeztatzeko ahalegin berri horren aurka. Alderdiei eskatzen diegu ez daitezela ezkutatu, behingoz hel diezaiotela 2010eko Instrukzioa indargabetzearen auziari Instrukzio horrek atzerrian erositako umeak inskribatu ahal izateko aukera ematen du, eta horrekin amaitzeko eta “subrogatutako ernalkuntzari” publizitatea egiteko eta berau sustatzeko debekua betearazteko. Bilboko Udalari eskatzen diogu ez dezala utzi Alondegia, denok (emakumeok barne) ordaintzen dugun udal instalazio bat, emakumeen ugalketa-esplotazioa eta umeen salmenta sustatu ditzaten. Eusko Jaurlaritzari eskatuko diogu kontuan har dezala Euskadin erregistratuta dauden ‘ernalkuntza subrogatua’ sustatu nahi duten elkarteen zerrenda. Izan ere, gure herrialdean legez kanpoko praktika bat da, eta legeak emakumeon aurkako indarkeriatzat jotzen du.