Bilbo da emakumeen etxea ez duen hiriburu bakarra. Arazoa konpontzeko hainbat feministak Galtzagorri elkartea sortu dute eta bertatik proiektuari forma eman nahian dabiltza. Bazkideak egiteko kanpaina da azken ekimena. Lehenago hitzaldiak, mahai-inguruak eta sormenerako eta eztabaidarako saioak antolatu dituzte. Banakako edo taldekako izen ematea egin daiteke. Kuota eta laguntzeko moduak askotarikoak dira.
Zabala, San Frantzisko eta Bilbo Zaharreko emakumeen elkartea da Galtzagorri. Ikuspuntu feministatik lan egiten dute bizimoduak aldatu eta oreka lortu dezakeen sistema sostengarria lortzeko. Haien iritziz, “daukagun eredu menperatzaileak diskriminazio eta biolentzia ugari sortzen ditu”. Bilboko goiko auzoetan, emakumeek bereziki, gogor sufritzen dute horrelako biolentzia, diotenez.
Bizitzak hobetzea
Kalean borrokatzen zuten taldeek sortu zuten 1992an Galtzagorri kolektiboa. Hainbat roletako emakumeak ziren: amak, alabak, bikotekideak, zaintzaileak, etxekoandreak, zeintzuek etxean, kalean, gizartean, elkarteetan, enpresetan borrokatzen zuten.
2006an jarduera eten zuten. 2015eko erdialdean kolektiboa berpiztu zuten emakumeok bizi izan ditugun zapalkuntza anitzei aurre egiteko eta hori da, hain zuzen, Koloretxe proiektuaren muina.
Parte hartzen dutenak “adin, jatorri, lan, ekonomia, uste, bizitza eta historia anitzekoak dira” eta denen artean “goiko auzoetako emakumeen bizitzak ez ezik bertan bizi diren pertsona guztienak ere hobetuko duen egitasmoa” dute esku artean.