Jakinek Emakume Abertzale Batzako 9 kideren lanak digitalizatu ditu

Jakinek euskal pentsamenduaren transmisiorako proiektu digitalean Emakume Abertzale Batzako 9 kideren lanak digitalizatu ditu. Emakumeen elkarteak ehun urte bete ditu aurten.

Sortzaileak Julene Azpeitia, Errose Bustintza, Karmele Errazti, Miren Etxabe, Julia Fernandez Zabaleta, Tene Muxika, Polixene Trabudua, Sorne Untzueta eta Elbire Zipitria dira.

Jorratu zituzten gaitegien artean, zazpi lerro sailkatu dira: literatura (sorkuntza lanak eta azterketak);  politika; emakumea, politika eta gizartea; hezkuntza; euskara eta Euskal Herria; gizartea, etika eta erlijioa; eta tokiko informazioa, herri kronikak. Guztira, 1.292 testu digitalizatu dituzte.

Jakineko zuzendari Lorea Agirrek azaldu zuenez, orain arte pentsamenduaren transmisioan gizonen lanak nabarmendu dira. Horregatik garrantzi izugarria dute emakume hauen lanak jasotzen dituen bolumenak.

Gaur egun gertatzen den bezala baldintza zailetan egin behar izan zuten idazle lana. “Ez zegokien eremu batean sartuz, pronostikoen kontra eta garaian esleitzen zitzaizkien lanetatik kanpo, bestelako baldintzetan” sortu zituzten idazkiak dira. Horregatik “garaiko errealitateak inposatzen zizkien ezinen argitan” aztertu behar dira.

“Arrakala txikiak”

«Emakume hauek –gaineratu zuen Agirrek- eremu horietara sartu eta arrakala txikiak eginez abiatutako bide bat loratzera ekarri» zuten.

Eta pentsamenduaren transmisioan emakumeek duten garrantzia aitortzeko bidean, martxan da dagoeneko Bizenta Mogelen obratik hasi eta 1936ko gerrara bitarteko testuen digitalizazio egitasmoa.

Bederatzi emakumeen obrarekin eta etortzeko daudenekin, «gure pentsamenduaren genealogia osatzen ari gara, eta ezinbesteko parte bat dira gure aurreko egoera eta gaur egungoa ulertzeko», nabarmendu zuen Jakineko zuzendariak.