Hiru emakume irabazle Euskadi literatura sarietan

Hiru emakume dira Euskadi literatura lehenengo sariak, hain zuzen, Uxue Apaolaza, Leire Bilbao eta Maite Mutuberria, Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren ilustrazioa modalitateetan, hurrenez hurren,Bihurguneko nasa’, ‘Barruko hotsak’ eta ‘Irrimola’ lanengatik.

Lourdes Otaegik, Ane Labakak, Jon Martinek, Yurre Ugartek eta Josu Jimenezek osotu dute Euskarazko Literaturako epaimahaia. Beraien iritziz, Apaolazaren ‘Bihurguneko nasa’ liburuak “identitatearen eta alteritatearen inguruko hausnarketa aberatsa eskaintzen du. Atseginez irakurtzen den prosa gihartsuan idatzia dago, eta elaborazio literario zehatzak nolabaiteko gordintasuna ere ematen dio, soberako azalpen eta luzamendu oroz soildurik. Edukiari ederki egokitzen zaion hizkera da, hiri handiko herrestaren dinamika bizian -ustekabean- irakurleak protagonistaren begirada ernea sumatuko du detaileen tolesduretan sakontzen”.

Poesia bisuala

Bestalde, Leire Bilbaoren ‘Barruko hotsak’ lanari buruz epaimahaiak uste du forma aldetik, poesia bisuala dela, “kaligramaren generoa berritzen du, errimaz eta erritmoz betea. Liburuko testuaren, tipografia-jolasen eta irudien ustekabeko uztarketek eragiten duten txundidurak askotariko irakurketak egiteko aukera eskaintzen du”. Manuel Lopezek, Larraitz Idarretak, Karla Fernandez de Ganboak, Ziortza Onaindiak eta Patxi Zubizarretak osotutako epaimahaiak gaineratu duenez, ‘Barruko hotsak’ belarriekin irakurri eta begiekin entzuteko moduko liburua da, jolastia eta umore finez josia. Nabarmentzekoa da, orobat, liburuaren konposizio-, maketazio- eta ilustrazio-lan bikaina”.

Literatura Lanaren Ilustrazioaren Euskadi Literatura saria jasoko duen Maite Mutuberriarenak dira Leire Bilbaoren liburua osotzen duten ilustrazioak. Epaimahaiarentzat ‘Irrimola’k “album ilustratuaren kontzeptua beste dimentsio batera eramaten du, formatu zirkularrean diseinatutako liburu-objektu bat, zeinaren konposizioak esperimentazioa eta irakurketarekin jolastea ahalbidetzen duen. Ilustrazioen atzean landutako kontzeptu bat dago, baliabide grafikoen erabilera egokiarekin batera, irakurtzeko geruza eta modu desberdinak indartzen dituena.

Gainera, irudien plangintzak zirkuluaren geometriaren errepikapena baliatzen du beste erreferentzia batzuk gogora ekarriz, hala nola planisferioa edo zootropoak, eta haien irakurketa eta berrirakurketa beti bestelako plazer bihurtzen du, liburua lan agortezin bihurtzen duena”. Javier de Isusik, Maria Altunak, Jon Mantzisidorrek, Yolanda Mosquerak eta Miren Asiaienek osotu dute Literatur Lanaren Ilustrazioa modalitateko epaimahaia eta saria erabakitzeko arrazoietan laburtu dutenez “’Irrimola’ haurtzarotik literaturara sartzeko ate bat da. Jolaserako eta alaitasunerako oda bat”.

Leire Bilbao, bigarrenez

Bilbaok bigarrenez irabazi du Euskarazko Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria. Pamiela argitaletxearekin kaleratutako ‘Xomorropoemak eta beste piztia batzuk’ lanarekin ere irabazi zuen saria 2017an. Maite Mutuberriarena izan zen orduan ere liburuaren ilustrazio lana.

Datorren azaroaren 24an banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak, Tabakaleran egingo den ekitaldi batean. Egun horretan zazpi modalitateetako irabazleak bilduko dira. Bi aste barru gainontzeko lau modalitateetako irabazleak emango dira aditzera: Literatura Gaztelaniaz, Saiakera Euskaraz, Saiakera Gaztelaniaz eta Euskarazko Literatura Itzulpena.

Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.