Hezkidetzako 8 zutabeak

Hezkidetzak eraginkorra izateko ezaugarri zehatz batzuk eduki behar ditu eta bere helburua emakumeen kontrako indarkeria desagertaraztea izan behar da. Adituek diotenez, 8 zutabe zeharkatu behar dituzte ikastetxeetako ekintza guztiek.

Maria Victoria Fernández Irungo Berritzeguneko zuzendariak eta Beatriz Ugarte Berritzegune Nagusiko aholkulariak oinarri horiek zeintzu diren eta ziklo guztietan nola aplikatu azaldu zuten ‘Hezkidetza. Berdintasuna eta tratu onen bidean’ EHU-Euskal Herriko Unibertsitateko uda ikastaro batean.

Hauek dira 8 zutabeak:

1. Pentsamendu kritikoa sexismoaren aurrean

Zutabe honek erabat zeharkatzen ditu gainerakoak. Ikasgelan berdintasuna lantzeko oinarria da. Genero-ikuspegia modu kritikoan landuta baino ezingo da onartu genero-arrazoigatiko desparekotasunak daudela.

Genero-ikuspegitik egindako analisia funtsezko estrategia da, sexismoa hezkuntza-sistematik eta, beraz, gizarte osotik errotik kentzeko. Estereotipoz beteriko hezkuntzan pentsamendu kritikoa duten irakasleak behar dira; hezkuntza hori norbere historia pertsonaletan jaso eta ikasleei helaraziko zaie. Ildo horretatik, irakasleen prestakuntza ezinbestekoa da eguneroko dinamika genero-ikuspegitik aztertu ahal izateko.

2. Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista

Hizkuntzaren erabilera ez da neutrala, hizkuntza komunikatzeko, mundua ulertzeko erabiltzen da, baita berau aldatzeko ere. Gure pentsamendu osoa hizkuntzatik pasatzen da. Georges Steinerren “izenik ez duena ez da existitzen” aipua indar-indarrean dago egun dugun hizkuntzaren erabileran. Berdintasunaren alde lan egiten dutenek badakite hizkuntza errealitate bizia dela, bere bilakaera duela eta garai bakoitzeko erabilerara egokitzen dela; Horrela,  emakumeek (feminismoari esker) mundu publikoan sartzean, berau bistaratu egin behar dute hizkuntzaren erabilera ez-sexistaren bitartez. Hizkuntzaren erabilera ez-sexista ez da, soil-soilik, genero maskulinoa eta femeninoa erabiltzea, are zabalagoa da kontua; generoarengatik bereizketa egiten ez duten hizkuntzei ere eragiten die.

Ildo horretatik, irudiek komunikatzeko indar handia dute eta, hori dela eta, imajinario kolektiboa eraikitzen laguntzen dute. Beraz, beharrezkoa da horiek genero-ikuspegitik aztertzea.

3. Emakumeen jakituria eta ekarpen sozial eta historikoaren integrazioa

Historian zehar, baita gaur egun ere, gure kulturaren gabezia handienetako bat, orokorrean, eta ikasgeletako material eta testu liburuena zehazki, emakumeek gizakiaren historian zehar alor guztietan egindako ekarpenen ikusezintasuna da. Androzentrismoak kultura menperatu eta hutsune handi bat eragin du emakumeen jardunaren ezaguerari eta aintzatespenari dagokienez.

4. Gatazken eraldaketa baketsua, hezkidetzako elkarbizitzarako proiektuen bidez

Elkarbizitzan genero-ikuspegia aplikatzea oinarrizkoa da indarkeria sexistari aurre hartzeko, indarkeria hori edozein delarik ere. Elkarbizitza errespetuan eta berdintasunezko harremanetan oinarritu behar da. Hezkidetzak harremanetan indarkeria prebenitzeko baliabideak, estrategiak eta ezaguera eskaintzen ditu. Harremanak aztertzean, estereotipo maskulino eta femeninoekin lotutako nortasun-eraikuntzekin zuzenean lotutako jarrerak, rolak, pentsamenduak, emozioak edota balioak hartu behar dira kontuan. Maiz, estereotipo horiei erantzuten ez dieten pertsonak zigortu egiten dira, eta eskola-jazarpena ere paira dezakete.

Elkarbizitza positiboaren oinarria pertsonen arteko zaintza da, genero-estereotiporik gabekoa, tratu txarrak prebenitzeko tratu ona, bazterketaren aurrean talde-kohesioa, berdintasunezko lidergoak indartsuenaren tiraniaren aurrean… Berdintasuna eta hezkidetza oinarri hartuta eraikiko dira elkarbizitza baketsua, berdintasunezkoa eta enpatikoa lortzeko ikastetxeak.

5. Autonomia pertsonala eta independentzia ekonomikoa

Hezkidetzak etxeko espazioan ere jartzen du arreta, eta hori hiru norabidetan egiten du: lehendabizi, pertsona guztiek behar dute autonomia beren egunerokotasunean; bigarren, pertsona guztiei aitortu behar zaie (gehienak emakumeak) beste  pertsona batzuen zaintzetan ardatz izan direla, eta egun direla; eta hirugarren, etxeko eremuaren errealitatea aztertzea, etxeko lanen eta gizon eta emakumeen zaintzaren banaketa desorekatuan historikoki eta gaur egun dauden  desparekotasunak aztertzea. Horren ondorioa da lanaren banaketa sexuala eta, hortaz, desparekotasuna eta diskriminazioa azaleratzea.

Era berean, eta aurrekoarekin oso lotuta, independentzia ekonomikoa landu behar da, independentzia pertsonala eskuratzeko oinarri gisa. Jakina da independentzia ekonomikoa funtsezkoa dela tratu txarreko harremanetatik ihes egin eta bizitza genero-indarkeriatik urrun berregiteko. Gainera, lan ordainduaren gaiari dagokionez, azpimarratzekoa da oraindik ere emakumeak gehiengoa direla okerren ordaindutako lanpostuetan, baita menpeko pertsonak zaintzeko kontziliazio-neurriak eskatzen dituztenak ere. Kristalezko sabaia ere errealitate dugu gaur egun, soldata-arrakala, hainbat lanposturen eta ibilbide akademikoren feminizazioa, beste hainbaten maskulinizazioa, etab.

Hori dela eta, hezkidetzak oreka lortu nahi du, etxeko eremuan eta eremu publiko eta okupazionalean; etxean gizonen eta emakumeen arteko benetako erantzunkidetasunik gabe, desoreka handia egongo da eremu publiko edo profesionalean gizonen eta emakumeen arteko desparekotasuna alderantzikatzeko.

 

6. Ikastetxeko espazioak eta eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak

Ikastetxeetako espazioak, jolas-orduetakoak bereziki, mutilek hartu ohi izan dituzte lehiaketa-jolasetan aritzeko. Gainera, espazio hori bera asko bereizten da mutil eta neska taldeetan, eta bi talde horiek ez diote elkarri asko eragiten.

Ikastetxeak ari dira eremu hori lantzen, eta badaude ikastetxeetako jolastokietan arrakasta izan duten proiektuak: bertako jarduerak eta espazioaren banaketa harreman berdinzaleagoak eta erabilera bidezkoagoa bultzatzeko diseinatu dira. Hala ere, beharrezkoa da hezkidetzako espazioak errazteko estrategiak ezartzen jarraitzea.

Era berean, eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak mutil eta neskek modu berdinzalean partekatzeko proposatu behar dira.

Horrek guztiak ikastetxeko jaialdiak edota inauterietako mozorroak, besteak beste, birpentsatzera garamatza; horietan guztietan, berdintasunerako eta estereotipoen aurkako ekintzak landu behar dira.

7. Berdintasunezko hezkuntza afektiboa eta sexuala

Hezkuntza sexualak, osasun eta garapen pertsonal gisa, pertsonalki haztea eta sexuarekiko jarrera baikor eta arduratsua izatea du helburu; horrela, arduraz jokatzen laguntzen du, ez norbere buruarekin soilik, baizik eta inguruan duen testuinguru sozialeko beste pertsonekin ere bai.

Hezkuntza horren oinarriak nazioarteko hainbat erakunderen arau eta aholkuetan oinarritzen dira, hala nola, erakunde hauetan: MOE-Munduko Osasun Erakundea, UNESCO Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea eta UNICEF Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsa.

Zehazki, kontuan hartu behar dira dokumentu honek barne hartzen dituen orientabideak: “Sexualitatearen alorreko hezkuntzari buruzko nazioarteko orientabide teknikoak. Ebidentzian oinarritutako ikuspegia 2018”, MOEk, UNESCOk eta UNICEFek osatua. Dokumentu horretan hezkuntza sexuala txikitatik eskaintzea beharrezkoa dela proposatzen da, eta eskolatzearen etapa guztietan zehar lantzeko gaitzat hartzea. Hori ondorioztatzeko arrazoia da hezkuntza sexualak ondorio positiboak dituela, pertsonok sexualitatearen inguruan dugun ezagutza hobetzen duelako eta, beraz, jokabide sexualari eta osasun sexualari dagokienez ere jarrera  hobetzen delako; sexu-transmisioko gaixotasunak eta GIB izateko arriskua murrizten da, eta ez du pertsonaren jarduera sexuala areagotzen; gainera, hezkuntza sexuala are eraginkorragoa da genero-ikuspegitik jorratuta, ikuspegi hori txertatu gabe jorratuta baino. Hezkuntza sexuala eraginkorragoa da familiekin koordinatuta jorratzen denean, hau da, etxean eta ikastetxean ahaleginak batu eta berdintasunean, osasunean, gozamenean eta pertsona guztiekiko eta gizatasunak berezkoa duen aniztasunarekiko errespetuan oinarritutako hezkuntza sexuala eskaintzen denean.

8. Emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzio eta indarkeria kasuetan esku hartzea

Hiru jarduera motari buruz ari gara: ikasleak sentsibilizatzeko helburu dutenak, ikastetxeak espazioetan errepikatzen ari diren matxismo eta indarkeria egoerak hautematea helburu dutenak eta, azkenik, ikastetxean indarkeria kasuak hauteman ondoren zuzeneko esku-hartzea burutzea helburu dutenak.

Dokumentazioa: doc_hezkidetzaren_zutabeak_e