Guztion Alardea elkartea, Hondarribiko gatazka konpontzeko erdiko bidearen saiakera

Guztion Alardea Hondarribiko hainbat gaztek eratu zuten elkartea da. Desfilearen inguruko gatazka konpontzea dute helburu. 25 urtetan jaiak normalizatzeko enegarren saiakera da.

Alarde sexista tradizionaletik emakumeak aldendu zirenetik, alarde parekide bat aldarrikatzen zuten bitartean, denetarik egin dute Berdintasun Legea desfilean bete dadin bultzatzeko.

Nazioarteko bitartekariak ekarri dira, Jaizkibel Konpainia misto eta parekideak adiskidetzeko hainbat dei egin ditu edo hasierako eskakizunak gutxitu egin ditu, erakundeen babes faltaren nekeak eraginda. Bitartean, Alarde Fundazioaren -Alarde sexistaren aldekoa- edo Udalaren jarrera -autoritate ez erabiltzea- ia ez da aldatu.

Apaiz batek ere, gatazkak eskaintzen duen “ikuskizun arbuiagarria” pulpitotik kritikatu ondoren, herritik alde egin behar izanak tentsioak eta akidurak noraino iristen diren erakusten du. Meza berean emakume batek mikrofonoa erabili zuen Alarde parekidearen alde egiteko.

“Ez da ezer aldatzen”

Guztion Alardea 2020ko urtarrilean aurkeztu zen. Urte horretan ez zen Alarderik antolatu, ezta hurrengoan ere eta jada iaz hasi ziren bidea prestatzen aurtengo edizioari begira kanpaina baten bidez.

Zaldizko edo soldatu emakumeen irudiak aurkeztu zituzten eta hurrengo leloa: “Ez da ezer aldatzen’. Alardea hondarribitar guztiona eta batasunaren ikurra dela aldarrikatu nahi zuten, diotenez Alarde Fundazioaren proposamena bi alarde antolatzea zelako Irunen egiten den bezala.

“Zenbat alarde sortu behar dira bakoitza bere berearekin gustura egoteko?”

Alardea gatazkarekin bakarrik bizi izan duten gazte horien ustez, zatiketak “gure arbasoengandik jaso dugun alardearen izaeraren aurka egiten du zuzenean. Izan ere, zenbat alarde sortu behar dira bakoitza bere berearekin gustura egoteko?”

Eta zera ohartarazi zuten: “Herri honek bere antzinako tradizioa berreskuratzeko duen gogoa ezin da bakoitzak bere aldetik egingo duen ospakizun bihurtu. Are gutxiago, hori emakumeak jaietan nahi duen moduan parte hartzeko duen eskubidearen debekuan oinarritzen denean”.

Alarde “bat eta bakarra”

Duela egun batzuk, elkarteak gutun bat bidali zien Udalari eta Alarde Fundazioari. Bertan hirurogeita lau emakumek era parekidean Alardean parte hartzeko eskaera egin diete.

“Herriko emakumeak gara –azaldu dute-, gatazkaren inguruan bizipen eta sentsibilitate ezberdinak ditugunak. Alardea maite dugu eta gizonek duten eskubide berdinarekin parte hartu nahi dugu gure Alardean”.

Diotenez, kopurua “sinbolikoa da” badakitelako “askoz gehiago garela Alardean parte hartu nahi dugun emakumeak eta are gehiago emakumearen parte hartzearen alde gaudenak”. Zentzu horretan, eskaerara batu nahi den edozein emakume eurekin harremanetan jartzera animatzen dute.

Alardea “bat eta bakarra” dela azpimarratu dute, “Hondarribiar guztion ondarea eta edonork beharko luke bertan nahi duen moduan parte hartzeko aukera izan. Hori errealitatea ez den bitartean, ez dago normaltasunik, ez bizikidetzarik eta are gutxiago berdintasunik”, azpimarratu dute.

Ekimenaren bidez, bestalde, “emakumearen parte hartzearen aurka dauden horiei ondorengo hausnarketa luzatu nahiko genieke: bakoitzaren parte hartzeko eskubideak ez du parte hartu nahi ez duenaren eskubidea zapaltzen”.