Euskal Herrian ere emakumeek armak hartu zituzten Gerra Zibilean

Literatura Nobel sari Svetlana Alexiévichek dioenez ‘Gerrak ez du emakume-aurpegirik’. Horixe da bere liburuetako baten izenburua eta bertan II. Mundu Gerran Armada Gorrian borrokatu zuten andren istoriak kontatzen ditu. Kalkuluen arabera, milioi bat emakumek hartu zituzten armak. Liburuak topikoak hausten ditu. Hain zuzen ere, gerretan emakumeak bigarren lerroan egon direla, eta ez fronteetan.

Distantziak alde batera utzita, hori bera islatu nahi du ‘Emakumeon Memoria 1937, Intxortatik Artxandara’ editatu berri den liburuak. Aiert Zubigarai ‘3izkai’ sortzaile elorriarrak argitaratu du, Laumunarrieta 1937 elkartearen zein beste hainbat erakunderen laguntzarekin.

Ekimenaren asmoa da “emakumeen memoria berpiztea, gogoratzea eta zer gertatu zen aditzera ematea, gure gizarteak kontzientzia hartzeko helburuarekin, halakorik gertatu ez dadin”.

Liburuak emakumeen bizipenak aztertzen ditu. 1936ko altxamendu militarraren ondoren, gerrako frontea egonkortu zen Otxandio, Elgeta, Eibar eta Berriatua lerro imajinarioan, zazpi bat hilabetetan.

1937ko apirilean matxinatuek ‘Intxortako’ frontea hautsi zuten. Herriak bata bestearen atzetik faxisten eskuetan erortzen hasi ziren eta herri horietako bakoitzak bere emakumeak ditu protagonista.

Bortxaketak alde bietatik

Euren testigantzen bidez, jasan zituzten eraso eta zapalkuntzen artean bortxaketak aipatzen dituzte. Alde bietatik –frankista eta errepublikanoetatik- jaso ziztuzten eraso sexualak. Emakumeen arteko ezkutatutako maitasun harremanak ere agertzen dira eta batzuk fronte atzealdetik lehenengo lerrora pasatu zirela, eurek erabakita. “Pilar burugogorra zen eta Marta Brigitte eta Marie Claire elkartasunari esker ‘La Belga’ metrailadore postuan egon zen faxisten ‘Eraso Handia’ hasi zen egunean”, gogoratu du batek.

Liburua 2022an argitaratu nahi duten komiki liburuaren aurrerapena da. Izan ere, guztiz amaituta dagoen komikia Elgetari dagokio eta Elorriokoa zein Eibarkoa osatu egin behar dira. Gainera, behin betiko lanean Durangon, Zornotzan, Larrabetzun, Basaurin eta beste herri batzuetan gertatutakoak ere islatuko dira.