Gasteizko eta Donostiako abortatzeko kliniken aurrean jazarpenak jarraitzen du

Espainiako Senatuak abortuaren kliniken aurrean emakumeei egindako jazarpena eragozteko Zigor Kodearen aldaketa bat onartu zuen apirilean. Zentro horiek batzen dituen elkarteak neurria motz geratzen zela uste zuen, haurdunaldia eten nahi duten andrei babes gehiago emateko kliniken inguruan segurtasun perimetroa behar zelakoan. Arrazoia zeukaten. Legearen erreformak ez ditu erasoak desagerrarazi.

Joan den ostiralean Donostiako eta Gasteizko Askabide kliniken aurrean jarri ziren ultrakatolikoak gurutzeak, Ama birginaren irudiak eta kartelak zeramatzatela. Aurrean, feministak. Kontzentrazio bietan agertu zen Ertzaintza eta lagun batzuk identifikatu zituen.

Donostian, ‘Berria’-k azaldu zuenez, Askabidek salaketa jarri ondoren epaile batek arrazoia eman zion klinikari eta protestak debekatu egin ditu. Urteak dira Amarako Askabideren parean jazarpena egiten dutela hainbat talde katolikok baina mugimendu feministak salatzen duenez, “azken hilabeteetan, eskuin muturraren gorakadarekin batera, bestelako mobilizazio eta gatazkak sortu dira bizilagunekin, auzoko mugimendu feministako kide bat kolpatzeraino”.

Mozal legea

Egun berean, ultrakatolikoak bertaratu ziren Gazteizko klinikara. Feministek abortuaren aldeko elkarretaratzea antolatu zuten. Ertzaintzak horietako 3 kide identifikatu zituen eta laugarren bati Mozal legea ezarri zion. Klinikaren aurrean abortu eskubidearen aurka protesta egiten ari ziren pertsonak, berriz, ez zituen identifikatu.

Gasteizko Mugimendu Feministak neurri horrekin bere kriminalizazioa jarraitzen dela uste du. “Osasunaren pribatizazioa eta interes merkantilistak jartzen dira, beste behin ere, gorputz, pertsona eta komunitateen ongizatearen aurretik”, adierazi dute. Eta antolakuntza feminista indartzeko deia zabaldu dute, “kolektibotasunak indartu, babestu eta zaintzen gaituelako erasoen kontrako erantzun irmoak emateko orduan”, ‘Alea’k argitaratu duenez.