«Feminismoak duen potentzial politikoa husteko arriskua dago»

Azken emakumeen mobilizazio erraldoiek mugimendu feministaren erronkak eta tentsioak utzi dituzte agerian. Durangoko Jardunaldietan eztabaidatuko da bihartik aurrera hori guztia baina duela egun batzuk aurrerapena egin zuen Zabaldin (Iruinean) Itziar Gandariasek, ‘Salda badago’ talde motorraren partaideak, Deustuko irakasleak, eta Emakumeen Mundu Martxa eta Mujeres del Mundo Babeleko kideak. Haren ustez, feminismoaren potentzial politikoa husteko arriskua dago, feminismoa nazioarteko elkartasunean mugitu behar da, feministok desesorosoak izan behar gara eta une puntualetako indarraren eta eguneroko giharraren tentsioaren arteko oreka topatu behar dugu.

Itziar Gandarias. ARGAZKIA: SARE ANTIFAXISTA

Gandariasek deskribatu zituen erronkak hauexek dira:

  1. Muskulua mugitu behar dugu baina feminismoak duen potentzial politikoaren husteko arriskua dagoela kontuan hartuta

Bizi garen neofaszismoaren gorakadaren aurrean, eskubide sozialak atzerakada egiten ari direnean, eta feminismo liberala interes politikoengatik bere lekua eskatzen ari denenan, M8kogrebaren ondoren aldarrikatu zen feminismo erradikala antirrazista, antikapitalista eta antikolonialista praktikara eraman behar da. Bidegurutzean gaude eta arriskua dago feminismoa ‘deskafeinatzeko’ gauzak errotik aldatu nahi ez duten feminismo liberalak eta instituzionalak aurrea hartzen badute.

  1. Elkartasuna eta internazionalismoa ezinbestekoak dira

Euskal Herriko Mugimendu feministak beste borroka batzuekin bat egin du, elkartasunak ehunduz. Tokian-tokiko aldarrikapenez gain, mobilizazio masiboak behar dira, gorpuzkera kolektiboek eragina dutelako indibidual eta kolektibo mailan. Azken mobilizazioetan, esate baterako Txilen, Ekuadorren edo Kurdistanen emakumeek izan dute protagonismo handia.

  1. Feminismoa deserosoa izan behar da

Etengabe interpelatzen ari den feminismoa eraiki behar da, kanpora begira zein barrura. Barrura begira, desberdintasunak integratzeko apustua egin behar da. Horretarako ondo pentsatu behar da nola hurbildu mundu-ikuskera eta beharrizan desberdinak dituztenengana. Eta zuri, burges eta klase ertainekoak garenok gure pribilegioek beste kulturetatik datozen pertsonekiko harremanei nola eragiten dieten aztertu beharko genuke.

  1. Tentsioa eta erronkak

Une puntual batzuetan indarra erakutsi behar da –olatu feminista- beto mediatikoa gainditzeko, feminismoaren diskurtsoa eta ikuskera jendartera ailega dadin. Baina sakoneko aldaketak bultzateko mugimendu feministak koordinazioa behar du eta eguneroko inurri lana ezinbestekoa da. Agian militatzeko modua aldatzen ari da. Gaur eguneko aktibismo birtuala militantzia indibidualizatzen ari da eta eguneroko lanari, konpromiso militanteari tentsioa eragiten dio. Neska gazteek haien jardunaldiak egin dituzte eta oso aktibatuta eta motibatuta agertu dira. Nola mugitzen diren ikusi beharko da.

  1. Intersekzionalitatea egitear dago

Aniztasuna, sororitatea (ahizpatasuna) ez daude eraikita. Gure arteko harremanak oso patriarkalak dira. Gertutasuna bermatu behar da baina distantziak ere gestionatuta. Adibididez, emakume arrazializatuek espazio ez mistoak eskatzen dituzte eta behar hori defentsa moduan ikusten dugu. Zer egin partizipazioa eta oreka mantentzeko pentsatzen dugu askotan, baina gutxitan nola egin, eta eguneroko praktikan, adibidez asanblada batean, ez dugu zehazten nola bermatu elkarren zaintza eta errespetua. Hori landu egin behar da.

Gandariasen iritziz, ez dago irtenbide bakar bat erronka eta tentsio horiei aurre egiteko. Jardunaldietan, “sujeto anitzak garenez eta arazo konplexuak aztertuko ditugunez, zalantza eta galdera asko planteatuko dira. Denak ongi etorriak izango dira eta hortik sortuko dira hurrengo urteetako erronkak eta pausuak” eta horrek guztiak Mugimendu Feminista indartuko du.