«Erasotzaileak gu ez jipoitzeko adineko beldurra senti dezaten nahi dugu»

Iruñeko Farrukas kolektiboak emakumeok jasaten dugun biolentziari erantzuteko modua erabat aldatu du. Nerea Barjola politologo eta aktibista feministaren ustez, sistema matxistak egiten dituen irudikapenen kontrairudikapenak asmatu dituzte aktibista nafarrek.

Farrukasekoek fokua biolentzia matxistaren biktimetan ipini beharrean erasotzaile eta bortizkeria ahalbidetzen duen sisteman jarri dute. Horretaz gain, emakumeen iruditeria aldatu nahi izan dute euren buruak irudi bortitzen bidez erakutsita.

Kolektibo nafarraren bi ordezkari Durangoko Jardunaldi Feministetako biolentzia matxistaren inguruko mahaian egon ziren. Taldearen sorrera, ibilbidea eta estrategia azaldu zuten.

Farrukas 2014. urtean eratu zen San Ferminen inguruan, jaietan izaten ziren erasoei erantzun erradikalagoa emateko asmotan. Lan kolektiboaren ondorioa izan zen eta hainbat taldek hartu zuten parte bere sorreran, hala nola auzokoetako feministak eta internazionalistak. Urte horretan eraso sexista bat izan zen Txantrean eta aurreko urtean emakume bati txupinazoan titiak ukitzen zizikioteneko irudiek munduari buelta eman zioten. “Horrek inflexio puntu bat suposatu zuen eta gure amorrua indartu egin zen”, azaldu zuten.

Kaputxak eta antortxak

Manifestazioa deitu zuten eta beltzez jantzita, kaputxak (buru berokiak) eta antortxak zeramatzatela hiriaren alde zaharrean zehar ibili ziren. Performance horrekin indar, batasun, kolektibotasun eta haserrea erakutsi nahi zuten. Baina batez ere, emakumeei esleitzen zitzaizkien jarrerak eraldatu nahi zituzten. “Ahulak, mantsoak, empatikoak, esanekoak izan beharrean ukatzen zaiguna (indarra, boterea…) janzkera eta jokaeraren bidez adierazi nahi genuen”. Gauez izan zen eta jaietan, kaleetan, emakumeen presentzia askea aldarrikatzeko ere balio zuen.

“Beldurrak aldea aldatuko du!” oihua zuzendu zien erasotzaileei. Emakumeok egunero pairatzen dugun biolentziaren aurrean autodefentsa feministarako deia izan zen aldarrikapen hori. “Gu ez erasotzeko adineko beldurra senti dezaten nahi dugu”, azaldu zuten.

Gizonei “pribilegioak aztertzeko” gonbitea luzatu zieten eta aldi berean ez zutela inolako erasorik onartuko esan nahi izan zieten.

Deialdia egin zutenean ez zekiten zenbat emakume etorriko ziren. Jende asko bildu zuen manifestazioak eta gainera elkartasun feministaren mezu pilo bat jaso zituzten. Urtero hausnartzen dute erasoei ematen zaien erantzunaren inguruan eta hurrengo urtean, 2015ean autodefentsa feminista ozen aldarrikatu zuten.

‘Manada’ren kasu mediatikoa

2016an ‘manada’ren kasu mediatikoa gertatu zen. Haiek manada izena ez ematea erabaki zuten, “bortxatzaileei indarra ematen dielako eta bortxaketari eta erasotuari garrantzia kentzen dielako” eta sistema bera seinalatu nahi zuten biolentzia baimentzen duelako. Ideia hori nabarmendu zuten ordutik. “Biktimizazioaren aurrean zisheteropatriarkatuari intsumisioa aldarrikatu nahi genion, hedabideen bidez erasotzen gaituelako biktimaren inguruan sortutako iruditeriak gizartean morboa eragiten du eta”.

2018a urte gogorra izan zen Iruineko feministentzat. Kasu horren epaia eman zen eta “hedabideek agenda markatu nahi izan zuten”. Orduan sistema kapitalista ere kritikatu zuten. Hain zuzen, sistema penala, osasunekoa (diganostiko eta tratamenduak), Atzerritarren legea, CIE-ak eta mugak, familia, eliza, dogmak eta Estatuaren indar errepresiboak aipatu zituzten. Txupinazoan pankarta erraldoi bat sartu zuten udaletxearen plazara eta eraso pilo bat jasan zituzten. Hedabideak manifestaziora joan ziren lehenengo aldiz, “jarrera inbasiboa erakutsita eta morbo bila”. Horregatik aurten kale agerraldia ez deitzea erabaki dute. “Esentzia eta erradikaltasuna galdu du manifestazioak, ez da berritzailea, ezta apurtzailea ere”.

Orain erasoei aurre egiteko protestaren formatuaren inguruko eztabaidan murgilduta daude. Antolatzeko modua eta horretan sare sozialek jokatzen duten papera ere aztertzen ari dira. “Militantzia forma berriak sortzen ari dira. Mezuen zabalketa erraztu egiten dute baina kolektiboaren eraketa oztopatzen dute. Mugimendu feminista baretu edo banatu ahal dute. Guk asanbladen apologia egiten dugu, leku ziur sareak ehuntzearen alde gaude”.