Erresidentzietako greba eta zainketaren krisia

Gipuzkoako erresidentzietako langileak greban daude apirilaren 26tik maiatzaren 10era lan baldintzak eta nagusiei ematen dieten arreta hobetzearen alde. 2018ko irailean hasi zituzten aldizkako mobilizazioak, ELA sindikatuak deituta. Azken txanda hau amaitu ondoren dagoeneko 65 greba egun egingo dituzte eta lan-etenaldietan bidez 2017. urtean, 370 egun ostean, Bizkaiko zahar-egoitzetako langileek lortu zuten garaipena eskuratzea espero dute Gipuzkoakoek ere.

Gainetik begiratuta, borroka sindikala baino ez da Gipuzkoako erresidentzietako langileena, baina apur bat sakonago aztertzen badugu ‘zainketaren krisia’ da gatazka, hau da, emakumeok zainketan jokatzen dugun papera.

‘Zainetaren krisia’-ren gakoak

Mugimendu feministan gai horren inguruko eztabaida aspaldikoa da eta oraindik irekita dago. Gakoetako batzuk hauek dira:

» Zainketa beharrezkoa da bizitza ugaltzeko, erreproduzitzek, eta egun indarrean dagoen eredua krisian dago emakumeen papera gizartean aldatu egin delako. Jaiotza-tasaren jaitsiera ere arazo horren barruan dago.

» Zehazteke dago zer nolako zainketa eredua behar dugun, zainketaren etika atzerakoia eguneratu egin behar dela kontuan hartuta. Etika zaharkituak feminitatea altruismo eta sakrifizio-espirituarekin identifikatzen ditu. Emakumea, emakume izateko, beste guztiez arduratu behar da bere buruaz ahaztuta. Ideia horretan oinairritzen dira emakumeok egiten ditugun ordaindu gabeko lan ikusezin eta gutxietsiak. Baina hori ez da jasaten dugun kalte bakarra: zainketari eskaintzen diogun denbora geure burua zaintzeari edo garatzeari kentzen diogu.

» Horren arrean printzipio hau jarzen da: pertsona guztiok zaintza behar dugu, neurri desberdinean, bizitzaren momentu guztietan. Zama hori ez da emakumeongan soilik egon behar.

» Gainera, autozaintza beharrezkoa da zainketak bermatzeko eta zainketa emakumeon erantzukizuna baino ez bada, guk ezin izango dugu ez autozaintzarako ez besteak zaintzeko behar dugun ahalmena izan.

» Erakunde publikoek ongizaterako zerbitzu publikoak garatu behar dituzte zaintza lanak emakumeen gain egon ez daitezen, are gehiago Mendetasun Legeak joera hori areagotu duela ikusita. Izan ere, gabezia handiak izan arren, araudi horrek langabezian dauden emakumeei lan mertatutik kanpo dirua irabazteko aukera ematen die eta horrela ohiko rolean atrapatuta geratzeko arriskua handitzen da.

» Nola zaindu behar gaituzten erabakitzeko eskubidea daukagu eta zainketa horiek duin eta kalitatezkoak izan behar dira.

» Momentuz ez dago zerbitzu publiko egokirik zaintzaren eskaerari erantzuna emateko eta lan hori emakume prekarizatuek egiten dute. Asko eta asko euren familiak jatorrizko herrialdeetan utzi dituzten migratzaileak dira eta askotan lan baldintza kaskarretan —eskubiderik gabe— jarduten dute.

Murrizketak zerbitzu publikoetan

Mendetasun-egoeraren indizeak asko igo dira azken urteotan. Arrazoia da amatasuna programatu egin daitekeela, baina zahartzea ez. Krisiarekin ezarri diren murrizketek zerbitzu publikoen eskaintzan eragin handia izan dute eta erresidentziei dagokienez aukera ematen ari da kapital pribatuari eremu horretan negozioa egiteko. Horrek langileen prekarietatea bultzatzen du. Gipuzkoan zainketarako zerbitzu publiko gehienak titularitate publikokoak dira, baina kudeaketa pribatukoak.

Emakume eta prekarietate binomioa oso ohikoa da lan munduan eta hori erresidentzietan ere islatzen da. Sektorean lan egiten duten %95 emakumeak dira eta horrexegatik orokorrean baldintza guztiz-guztiz prekarioan daude. Horren erakusgarri dira langile batzuek ‘Gara’ egunkariari egindako adierazpenak: “… Gelan sartu, ‘egunon, zer moduz zaude?’. Pertsiana igo, oheko segurtasun barra jaitsi, mantak eta maindireak kendu, eusteko sistemak askatu —gehienek izaten dituzte—, ohetik altxatzen lagundu —batzuek neurri teknikoak behar dituzte, garabia—, dutxara eraman, dutxatu, lehortu, hidratatu, jantzi, orraztu, bizarra egin batzuei, belarritakoak eta bitxiak jantzi beste batzuei, hortzak jarri behar dutenei… eta jangelara gosaltzera eraman. Eta hori guztia 15 minututan». Ana Sastre, Txara II egoitzako erizain laguntzailaren hitzak dira.

“Zainketen sektorea zigortuta dago”

Indarrean dagoen Gipuzkoako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako planak arazo horietaz ohartarazten du eta zera adierazten du: Euskal ekonomia osorako erregistratzen den batez besteko ordainsaria baino % 11 txikiagoa da sektore honetan, lanaldi partzialak presentzia handiagoa du, ohikoak dira zenbait arrisku psikosozial eta lan istripuak ugariagoak dira.

Txostenak dioenez, “zainketen sektorea zigortuta dago, soldata eta lan-baldintzei dagokienean, ekonomiako beste sektore batzuekin alderatuta, eta horren ondorioa da sistemarentzat lan horiek ikusezin izatea eta bizitzaren iraunkortasunerako funtsezko eginkizun bezala inolako aitorpenik ez izatea”.

Hori konpontzeko ezinbestekoa da langileen eskaerei —sindikatuen bidez bideratuta— erantzutea: hobekuntza ekonomikoak (soldata igoerak, plusen igoerak…), 20 minutuko atsedenaldi ordainduak, lanaldien normalizazioa, ratioen hobekuntza zerbitzuaren kalitatea bera bermatuz, norberaren zereginetarako egunak, gaixo egoteagatik zigorrik ez jasotzea, 60 urtetik gorako langileentzat erraztasunak, hobekuntza sozialak eta abar.

Horretaz gain, gatazka honen irtenbideak emakumearen lanaren duintasuna eta bizitzaren zaintza politikaren lehen planoan jarri beharko dira.