Emakundek Berdintasun online eskola jarri du abian, berdintasunaren arloan herritarrak sentsibilizatzeko, prestatzeko eta gaitzeko. www.emakunde.euskadi.eus/berdintasun-eskola helbidearen bidez, kalitatezko prestakuntza eskaintzen da, doakoa, pertsona bakoitzari egokitua, berdintasunarekin, aniztasunarekin eta feminismoarekin lotutako gaietan interesa duen publiko zabal batengana iristeko.
32 ikastarok osatzen dute prestakuntza-eskaintza. Gaien artean, berdintasunari buruzko oinarrizko ikastaro batez gain, honako gai hauei buruzko tailerrak eskaintzen dira: ziberfeminismoa, ahalduntze feminista, genero-ikuspegia txertatzea, berdintasunean haztea, emakumeen aurkako indarkeria, berdintasunezko maskulinitateak, berdintasuna kirol-praktikan, berdintasuna osasunean, komunikazioan, ekonomia feminista, berdintasun-planak enpresetan eta abar.
Metodologia eta formatu berriak
Nahiz eta gehienak erabilgarritasun orokorrekoak izan, batzuk publiko jakin batentzat zuzenduak daude. Horrela, berdintasun-planen ikastaroa enpresei zuzenduta dago, edo maskulinitateen, berdintasunaren eta kirol-praktikaren ikastaroa kirol-erakundeei edo -klubei. “Sortzen ari diren eskaerak kontuan hartu dira, administrazioko langileez haratago doazen publiko berriak identifikatu dira, eta metodologia eta formatu berriak proposatu dira”, gogorarazi du Emakundeko zuzendariak, Miren Elgarrestak.
Gai horiez gain, lehen zeuden prestakuntza-eskaintza batzuk ere jasotzen ditu atariak, hala nola Jabetuz programarena, indarkeria matxistaren biktimak artatzen dituzten profesionalentzat (3.000 profesional baino gehiago igaro dira programa horretatik), edo Gizonduz ekimenarena, gizonak berdintasunaren alde sentsibilizatzeko eta inplikatzeko, 30.000 pertsona baino gehiago biltzen dituena.
Ikastaroak urte osoan zehar egingo dira eta Emakundek ikastaroetan parte hartu izana egiaztatuko du.