Emakume pentsiodunak 1080 euroko gutxienekoa aldarrikatzeko bilduko dira Bergaran

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko emakumeek euren III. batzarra antolatu dute ‘Zaintza eta pentsio duinak’ ‘1080 € Orain’ lelopean. Hitzordua urriaren 20an, 10:30ean, Bergarako Seminarioxua aretoan da.

Azaldu dutenez, “Ia 6 urte daramatzagu mobilizatzen 1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortzeko, 14 ordainsaritan; izan ere, ezin da pertsona bat duintasunez bizi pentsio horretatik behera, eta kopuru hori lortzeak nabarmen murriztuko luke pentsioetan dagoen genero-aldea.”

III. Batzarrean zainketetan ere arreta jarriko dute. Euren ustetan, “COVID 19aren ondoren, argi geratu zen zaintzetan eredua aldatu beharra zegoela, hainbat eta hainbat gabezia izan baitziren, batez ere egoitzetan, eta horrek ondorio mingarriak izan zituen egoiliarrengan eta haien senideengan”.

Gainera, “urte asko daramatzagu eskatzen zainketei emakumeek bakarrik ezin dietela eutsi, gizonek ere parte hartu behar dutela, bereziki, egiten ez dutenek. Zaintza ezin da emakumeen betebeharra izan”, azpimarratu dute.

Greba feminista

Zainketen eztabaida “oso presente dago gizartean -diotenez- adinekoen populazioa handitzen ari baita, eta ez gara konformatzen orain arte egin denarekin bakarrik”.

Ildo horretatik, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeek Dekalogo bat egin dute. Batzarrean eztabaidatuko da eta gizartean nahiz erakundeetan eztabaida pizteko balio izatea espero dute.

Zainketen gizarte batean aurrera egiten jarraitzeko aukera dugulakoan daude baina horretarako erakundeen konpromiso eta lehentasun sozial bezala planteatzea ezinbestekoa dela nabarmendu dute.

Halaber,  azaroaren 30eko zainketen arloko greba feminista orokorraren alde daudela adierazi dute.