«Emakume guztiok etxeratze-agindu morala jasaten dugu»

Ainhoa Gomez tolosarra hainbat alditan egon da Txilen, azkenengoan masterreko praktikak Santiago de Chileko Memoria eta Giza Eskubideen Museoan egin zituenean. Egonaldi horretan eskubide zibilen aldeko mugimendua bete betean bizi izan du. Poliziak eta militarrek eragindako bortizkeria ere bai. Horren adierazle narbarmenena etxeratze-agindua (toque de queda) izan da baina feminista den aldetik zera ondorioztatu du: “Emakume guztiok jasaten dugu etxeratze-agindu morala”, ez dugu eta ziurtasunik ordu txikietan kalean bakarrik ibiltzeko.

Iñigo Asensiok Ainhoa Gomez elkarrizketatu du.

Iñigo Asensio kazetariak elkarrizketatu zuen Ainhoa Gomez Tolosaldeko Ataria irratian. Gaztea duela bi hilabete bueltatu zen Txiletik baina gertutik jarraitzen du hemendik hango egoera. Ohikoa den bezala, emakumeak dira errepresio bortitzena sufritzen dutenak. Han zegoela lagun bat kexu agertu zen etxeratze-agindua zela eta ezin zelako goizaldeko 4retan kalean egon. Berak emakumeok etxeratze-agindu morala daukagula erantzun zion, “bortxaketa sufrituz gero zer egiten ari ginen bakarrik kalean ordu horietan” galdetzen digutelako.

Andrak, protesten protagonistak

Gomez protestak eztanda egin zuen egunean Santiago hirian zegoen. Metro-txartearen prezio-egoera lehertarazi zuena, baina 30 urteko ondoeza zegoen aurretik. Tolosarrari atentzioa eman zion egoera laburbiltzen zuen pankarta batek. Zera zioen: “Hainbeste gauza dira ezen ez dakidan zer jarri”.

Polizia eta militarren erantzuna gogorra izan arren, protestek oraindik jarraitzen dute. Gazteak eta emakumeak dira, batez ere, protagonistak. Andrak diktadura garaitik erreferente garrantsitzuak dira. “Ez Nazazu Ahaztu taldea Emakumeak Bizitzaren Alde mugimenduaren barruan sortu zen memoria berreskuratzeko eta diktaduraren kontra borrokatzeko ”.

2018ko M8ko manifestazioa “diktadura amaituz geroztik jendetsuena”, izan zela dio. Geroago ‘Bortxatxaile zu zara’ kantu ospetsua sortu zuen Las Tesis kolektiboak. “Festa giroa, kantak, ikus-entzunezko euskarriak, artea erabiltzen dute protestetan” eta positibotzat jotzen du Gomezek horrelako kale agerraldiak egitea.

Txileko gizartea klasista eta arrazista da. Matxista ere bai, noski. Berak dio ez zuela diskriminaziorik jasan, pentsaera berdineko pertsonekin ibili zelako. Baina espainar azentuak hipersexualizaziora eraman zuela ohartarazi du, “pornoaren azentua delako”.

Giza desberdintasunak sakonak dira. Txile Hego Ameriketako lurralde okzidentalena dela esaten da. Estatu Batuetako ohitura zaleak dira eta horrek muturreko liberalismoa dakar. Adibidez, unibertsitatea osa garestia da eta uraren pribatizazioak lehortearen kalteak areagotu ditu. “Ahuakatearen laboreak ur asko eskatzen du eta momentu honetan ahuakatondo batek urarekiko pertsona batek baino eskubide gehiago du”.

Herri indigenen errepresioa

Diktadura garaian herri indigenek errepresio handia jasan zuten. Orain bizi duten errebolta momentua aprobetxatu dute komunitateak indartzeko. “Herri indigena asko daude, maputxeak, aymarak… baina agian lehenengoak dira antolatuen daudenak”.

Eurak izango dira aldaketa politikoaren protagonistak. Apirilaren 26an plebiszitoa egingo da. Orain uda oporretan daude eta martxoan hasiko da kanpaina politikoa. Plebiszitoaren aldekoak gehiengoa dira eta manifestazio asko egin dituzte. Kontrakoen manifestazio bakarra egon da. Hortik konstituzio berria sortuko da eta konstituzioa egingo duen organoa ere bai. Aro berria genero berdintasunean eta ekologismoan oinarrituko da.  Herri indigenak ere hobeto ordezkatuak egongo dira. Hori da asmoa. Neoliberalismoa Txilen hasi zen eta esperantza dago bukatu ere bertan egin dezan.