Elkarte feministek bat egin dute Durangoko Besarkada Kolektiboarekin

Herrien, Pertsonen eta Giza Eskubideen arteko besarkada Europa osoko egitasmoa da, elkartasun, bizitza duin eta migratzeko eskubideen alde. Euskal Herrian Ongi Etorri Errefuxiatuak-ek antolatzen duen ekitaldi nagusia Durangon burutuko da datorren igandean, maiatzak 5. Talde feminista askok bat egin dute ekimenarekin, beste elkarte batzuen artean, eta aurreikusitako 8 giza zutabeetatik bat beraiek osatuko dute.

Mediterraneoko kanposantua

Bigarren mundu gerraz geroztik migrazioaren krisi larriena bizi du azken urteotan. Hain zuzen, Ongi Etorri Errefutxiatuak elkartetik diotenez, gatazka armatuek eta sistema ekonomiko kapitalistak, neokolonialak eta heteropatriarkalak sortzen dituzten esplotazioak, espoliazioek eta kanporaketek bultzatu dute migranteen bizimodu negargarria.

Gogora dezagun Gibraltargo itsasartea munduko mugarik hilgarrienetakoa dela eta Mediterraneoan dabiltzan giza eskubideen defendatzaileak kriminalizatzen ari direla. Europa Gotorlekuak mugak itxi ditu. “Legea, segurtasuna eta sektore militarra antolatu ditu, propio, kanpokoak kontinentera sar daitezen ekiditeko. Eta horrek guztiak eragin zuzena du emakumeen gorputzetan: sendotu egin ditu sexu-esplotazioa helburu duten emakumeen trafiko- eta salerosketa-sareak”, adierazi dute talde feministek ohar baten bidez.

Emakume migranteen arazoak

Baina emakume migranteentzat arazoak lehenago hasten dira. Izan ere, Andrek hamaika jazarpen pairatzen dituzte euren herrialdeetan: “Diktadurenak, giza eskubideak defendatzeagatik jasandakoak, inposatutako ezkontzak, generoagatiko jazarpena, sexu-orientazioagatikoak…”

Horiez gain, “beste indarkeria matxista batzuk ere nozitzen dituzte: genitalen mutilazioa edota sexu-esplotaziorako emakumeen salerosketa kasu”, zehaztu dute talde feministek komunikatuan. “Ihes egiten diote gerrari edota muturreko pobreziari –gehitu dute-. Sorlekua utzi behar izaten dute, eta bide luze eta ezin gogorragoari ekin. Hori gutxi balitz, migrazio-politika gogorrak topatzen dituzte, eta mugak itxita. Hori bai, amesgaiztoa”.

Xenofobia eta antifeminismoa

Dirudienez, egoerak ez du hobera egingo faxismoak Europan gero eta indar gehiago daukala ikusita. “Herriaren atsekabeaz baliatzen ari dira Europan hazteko. Alderdi ultraeskuindarren diskurtsoak erabat xenofoboak, atzerakoiak eta antifeministak dira”, argitu dute Mujeres de Negroko kideek.

Mugimendu feministak, dena den, emakume migratzaileen indarra eta erresilientzia azpimarratu nahi du: “Gaitasun handia dute arazoei aurre egiteko eta beren bizitzak goitik behera aldatzeko; beren migrazio-proiektuaren subjektu aktiboak dira”.

Datorren igandean Durangora hurbiltzen direnek migratzaileei hurbiltasuna, berotasuna eta elkartasuna eskaintzeaz gain, eskubideak denontzako direla aldarrikatuko dute. “Atzerritarren legea bertan behera uztea, atzerritarren internamendu zentroen itxiera eta pertsonen zirkulazio askea exijitzen dugu”, aldarrikatzen dute Ongi Etorritik.

Elkartasunaren kriminalizazioaren aurka eta neofaxismoaren aurka altxatu beharra ikusten dute. Hau da, indarkeria instituzionalaren, arrazistaren, matxisten eta xenofoboaren aurka eta kanporaketa politiken aurka egiteko beharra.

Lee la entrevista con la portavoz de Ongi Etorri Errefuxiatuak Alaitz Berriozabalgoitia