«Bollera izatea identitate politikoa da eta ez orientazio sexuala»

BALA Gasteizko bolleren sarea oso mugimendu gaztea da eta momentu honetan bere proiektu politikoa eraikitzen ari da. Hala ere, oinarri ideologikoak eraiki dituzte dagoeneko eta Durangoko Jardunaldi Feministetan azaldu zituzten euren filosofia eta erronkak. Lierni Balantzategik eta Shukare Oterok ‘Bollera subjektua. Aliantzak, erronkak eta estrategiak’ ponentzia aurkeztu zuten ‘Gorputz eta Sexualitateak’ mahaian.

Gasteizko bollera sarekoek argi dute “bollerismoa ez dela orientazio sexuala, baizik eta identitate politikoa eta borroka subjektua”. Horrela bada, antolatzeko erabakia hartu dute “heterosexualitateak eta binarismoak zapaldu egiten gaituztelako”.

-BALA duela urtebete sortu zen normatik at geratu ziren eta margen desberdinetan zebiltzan hainbat pertsona bildu zirenean

BALA duela urtebete sortu zen normatik at geratu ziren eta margen desberdinetan zebiltzan hainbat pertsona bildu zirenean. Balanzategik eta Oterok asaldu zutenez, “hutsune bat” betetzeko antolatu ziren, nahiz eta kolektibo batzuk erreferente izan eta haiengandik asko ikasi. Esparru mistoetatik zetozen, hain zuzen, mugimendu feministatik eta okupazio mugimenduetatik.

Gorputzak erdigunean

Sarearen ardatzean sexualitatearen eraikuntza dago. BALAren bozeramaileen ustez, “gaia oso modu mugatuan ulertzen da” eta esparru zabalagora zabaldu nahi dute jarrera erradikaletik, gorputzak erdigunean ipinita. “Guretzat bollera izatea identitate politikoa da, munduan egoteko eta sistema iraultzeko modu bat, eta ahalduntze pertsonalerako tresna garrantzitsua; estrategia politikoa ere bai”.

Estrategia horren barruan “kapitalismoak behar dituen ideologiak kolokan” jarri nahi dituzte, bidezkoak ez diren errealitateak naturalizatzen dituztelako eta hori salatzen duten kolektiboak zapaltzeko balio dutelako. Jazarpen horren adibidea mugimendu feminista pairatzen ari dena da, “agerian uzten duelako esplotazioa eta dominazioa ez dela naturala, desira, gorputza eta generoaren eraikuntza ez diren bezala”.

Trabak

Sistema osoa inpugnatzeko beharrarekin  batera, euren proiektu politikoa aurrera ateratzeko trabak aipatu zituzten:

Militantzia bikoitza eta ikusezintasuna:

Mugimendu feministan eta LGTBIQ+ean militantziak bolleren ikusezintasuna dakar. Mugimendu feministak asko eman diela onartu zuten baina “askotan ez entzunak sentitu gara”, aitortu zuten. Hala eta guztiz ere, esparru bietan jarraitu nahi dute, euren “izaera espezifiko, erradikala, mugimendu horiek bultzatzeko” balioko duelakoan sinetsita.

Bolleren izaera eta identitatearen merkantilizazioa:

Identitate sexuala eta disidentzia erradikala barik heterosexualitatearen modu alternatibo bezala saltzen da homosexualitatea, euren ustez. Horren adibide euskal kutxa baten kanpaina publizitarioa izan da: lesbiana bikote baten ondoan “Erabakitzeko libre zara” leloa jarri dute.

“Heteroarauaren praktika eta kanona hor daude eta erreproduzitzen dira”, kritikatu dute. ‘Pinkwashing’ (LGTB ikuspegitik aurpegi zuriketa) horren arrazoia “aldarri identitario despolitizatua” dela salatu dute. Gainera, LGTBQ+ marka bihurtuta, aukera ematen die “empresei eta instituzioei euren eragina eta boterea zabaltzeko” inperialismo, kolonialismo eta globalizaziotik datozen tendentzia neoliberalak ezarrita, “kontuan izan gabe lurralde bakoitzaren kultura eta historiaren espezifikotasuna”.

Horren aurka borrokatu behar dela aldarrikatu zuten eta horregatik ondo ikusten dute HARRO plataformak antolatu zuen ‘pinkwasing’en eta neoliberalismoaren kontrako manifestazioa Bilbon.

Indibidualismoa:

“Egia da autoperzepzio singularra oso askatzailea dela, baina gure ustez estrategia kolektiboa izan behar da, bestela politiko-estrategikoki antzua den leku batera iritsiko gara”. Deklarazio horrekin azaldu nahi zuten sistemaren“hiperprodukziorako joera” areagotzearekin batera arrakasta pertsonala pisu handia hartu duela eta horrek pertsonak “bakardade itogarrira” eramateaz gain, jende asko kanpoan uzten duela, besteak beste gaixoak edo migranteak.

Indibidualismo horretan beste arazo asko ikusten dituzte. Esate baterako, batzuek arrakasta izateko “talde zapalduak” egon behar direla. Bolleren kasuan, eragina duela bolleren arteko harremanetan eta elkarren babesean ere pentsatzen dute. “Harremanek zentralizatuta jarraitzen dute” eta bollerek ere badute joera hori. “Askotan maitasunaren izenean monogamiaren konstelazioak eraikitzen ditugu kapitalismoaren bakardade isolatzailetik eskapatzeko”.

Erronkak

Hori kontuan hartuta eta disidente diren heinean, laguntasun harremanak zentrora eraman nahi dituzte, “sexualitate erromantikotik harago joanda eta bakardade aukeratua bersignifikatuta”. Gainera, bolleren arteko botere eta indarkeria harremanak kudeatzeko tresnak behar dituztela aitortzen dute eta horretarako “espazio propioen beharra” ikusten dute.

“Desira eta plazera iraultza ere badira geure burua astintzeko eta maitatzeko”

Esparru horretatik zaintza eta harreman ereduak irauli nahi dituzte, “bolleraren identitateak kolektibotasuna” eta “sistemari alternatiba integrala bilatzen dio” eta. Euren proposamena laguntasun eta harreman horizontaletan oinarritzen da “feminismotik, klase ikuspegitik, eta antiarrazismotik” etorkizun kolektiboa sortzeko.

Gorputzarekin duten harremana ere aztertu behar dela uste dute. Izan ere, “bollera izatea munduan egoteko modu bat” da eta aukera ere bada  “gorputza ulertzeko, maitatzeko eta esperimentatzeko”. Beraien iritzian, “desira eta plazera” iraultza ere badira “geure burua astintzeko eta maitatzeko”, hori bai, “begirada heterosexualetik” askatuta.

Pribilegioen inguruan hausnartzeko beharra ere aipatu zuten, “erruduntasun antzuak alde batera utziz eta ardurak benetan hartuz”, kontzientzia hartuta “pribilegioak sistemaren herramintak direla zapalduak eta zapaltzaileak bere horretan jarraitzeko”.