(La noticia en castellano, aquí)
Bilboko Lan arloko 7. auzitegiak etxeko langile bati langabezia-prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen dio; SEPEk ukatu egin zion, etxeko langile gisa lan egindako tartean ez baitzuen langabezia-kotizaziorik egin. ELA sindikatuak ordezkatu du langilea eta haren iritzian “ebazpena garrantzitsua da kolektiboarentzat, pairatzen ari diren diskriminazioa agerian uzten baitu”.
Eskubidea aitortu zaion langilea etxeko langileen erregimen berezian altan izan zen 2011tik aurrera hainbat tartetan. 2022ko irailean kaleratu zuten eta langabezia-prestazioa jasotzeko eskakizun guztiak betetzen zituen, hartarako kotizatu izana ezik. Kaleratu zutenean beharginak SEPEri langabezia-prestazioa eskatu zion, baina enplegu zerbitzuak ukatu egin zion etxeko langile gisa egin zuen aldian ez zuelako langabeziarako kotizatu.
Espainiako Gobernuaren 16/2022 lege-dekretuak, zeina urrian indarrean sartu zen, etxeko langileen eskubideak hobeto arautzen ditu; besteak beste, langabezia-prestazioa kotizatu beharra eta laguntza hori jasotzeko eskubidea. Dekretu aurreko garaietan izandako kotizazio-aldiak ez ziren aintzat hartzen langabezia-prestazioa kalkulatzerakoan.
Europako Justizia Auzitegiaren doktrina
Haatik, epai honek Europako Justizia Auzitegiaren epaiak ezarritako doktrina aplikatzen du: Espainiako etxeko langileen sistema bereziak diskriminazioa eragiten die langile hauei, langabeziarako kotizatu beharrik finkatu ez eta babesik ez dielako eskaintzen; beraz, epailea behartzen dute europar Ordenamendu Juridikoak aitortzen dituen eskubideen babesa aintzat hartzera. Ondorioz, Espainiako gobernuaren dekretua indarrean urrian sartu bada ere, langile hari langabezia-prestazioa jasotzeko eskubidea aitortzen zaio, aurreko araubidea diskriminatzailea zelako.
ELAk nabarmendu nahi du epai honek etxeko langileen kolektiboarentzat garrantzi oso handia duela, diskriminazio egoera dagoela aitortzen baitu.
SEPEk epaiaren aurka helegitea jarri du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan arloko Aretoan.