Datorren martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat etorriz, Abadiñoko Udaleko Berdintasun eta Aniztasun Sailak hainbat jarduera antolatu ditu, antzerkia, hitzaldiak, zinema eta martxoaren 5ean udalerrian zehar bizikletaz egingo den aldarrikapen-martxa, besteak beste. Abadiñoko Udalak emakumeen eskubideak eta berdintasuna aldarrikatzeko antolatutako ekitaldietara joateko eta bertan parte hartzeko deia egin die herritarrei.
Martxoaren 3an hasiko da programazioa Vega Asensio Herreroren hitzaldiarekin. Durangon jaio eta Abadiñon bizi da, EHU/UPVn Estatuko ilustrazio zientifikoko lehen masterra sustatu duen emakume ekintzailearen ibilbide profesionala partekatuko du jendearekin. Ilustrazio zientifikoan bide berriak ireki ditu eta ikuspegi feminista ematen dio lanari. Vega Asensioren ekarpena, gainera, erreferentea da neskentzat teknologiaren eta zientzien arloan. Hitzaldia 11:00etan izango da Errota Kultur Etxean (gaztelaniaz) eta 18:30ean Txanporta Kultur Etxean (euskaraz).
‘Mugi zaitez kirolean berdintasunaren alde’ lelopean, hilaren 5ean bizikleta martxa antolatu da Eneicatekin elkarlanean, 12:00etan Muntsaratz dorretik abiatu eta Trañabarreneraino, udalerria zeharkatuz. Peto lilak banatuko zaizkie parte hartzen duten guztiei. Martxoaren 3ra arte eman ahal izango da izena helbide elektroniko honen bidez: eneicat2021@gmail.com.
Martxoaren 8an bertan, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Udalak bat egingo du Abadiñoko mugimendu feministak sustatutako elkarretaratze eta jarduerekin. Gainera, bi perkusio afrikar emanaldi izango dira Abadiñoko Ahalduntze Eskolako ikasleen eskutik, 16:45ean Matienako kioskoko plazan eta 19:30ean Ferialekuko plazan.
Martxoaren 8aren inguruko programazioan, GAT konpainiaren ‘A la manera de los griegos’ –erderaz– antzezlana izango da ikusgai, emakumeen eskubideen jazarpena eta emakume talde batek 30eko hamarkadan sufragioa lortzeko egindako borroka islatzen dituen komedia feminista. Hilaren 11n, 19:30ean, Errota Kultur Etxean izango da ikusgai. Sarrera doakoa da eta gonbidapenak martxoaren 4tik aurrera egongo dira eskuragarri Errota Kultur Etxean eta Udal Mediatekan. Horrez gain, hilaren 17an, Errota Kultur Etxean bertan, Estibaliz Curielen euskarazko umorezko bakarrizketa programatu da. Gonbidapenak hilaren 10etik aurrera jaso daitezke.
“Programa askotarikoa eta mundu guztiarentzat erakargarria prestatu dugu, emakumeen egoerari buruz hausnartzeko, eskubideak aldarrikatzeko edo ezkutuan dauden errealitateak edo, batez ere, ezkutuan dauden desberdintasunak aztertzeko hainbat proposamen eta espaziorekin. Urte osoan lan egiten dugu emakumeen berdintasunaren alde, baina M8 kalean erakusteko unea da, eta horregatik herritarrak parte hartzera animatu gura ditugu”, Rosa Miguel Pérez Berdintasun eta Aniztasun zinegotziak azaldu duenez.
Zaintza lanak ikusaraztea
Jarduerak martxoaren 24an amaituko dira –18:30ean Txanporta Kultur Etxean– ‘El peso sobre mi’ (2021) dokumentalaren proiekzioarekin –Durangaldeko Mankomunitateko Zaindu Zerbitzuarekin lankidetzan–. Dokumentalak zaintzei buruzko eztabaidari heltzen dio, baita lan horrek dakarren isolamenduari eta erantzunkidetasunik ezari ere, bost testigantzaren bidez. Eguneroko kontakizunen bitartez, dokumentalak hausnarketa kolektiboa bultzatu gura du, kasuen % 70ean zaintzak emakumeek euren gain hartzen dituzten gizartean.
Eremu horretan genero-berdintasunaren aldeko eraldaketa soziala sustatzen laguntzeko sortu da dokumentala. Erabide Emakume Elkarteko bederatzi emakumez osatutako taldeak, Farmamundirekin eta Itxaso Díaz dokumentalgile bilbotarrarekin lankidetzan, ‘CreaSalud’ proiektuaren ikus-entzunezko sorkuntzari buruzko prestakuntza-prozesuaren parte gisa landu du lana. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntza ere izan du ekimenak. Dokumentalaren amaieran solasaldia izango da, eta bertan dokumentaleko protagonistetako batzuek parte hartuko dute.