8 ahots itsasertzetik barrenak zulatzeko

Fitxa teknikoa

Titulua: Barrenetik zulatzen zaitut
Azpititulua: 8 ahots itsasertzetik
Idazleak: Yanina Giglio, Sara Montaño, Denisse Griffith eta Ingrid Bringas
Itzultzaileak: Leire Vargas, Sarai Robles, Jone Makazaga eta Miren Irizar
Editoreak: Ane Zubeldia eta Iosune de Goñi
Azaleko irudia: Iosune de Goñi
Orrialde kopurua: 114
Prezioa: 13,00

‘Barrenetik zulatzen zaitut: 8 ahots itsasertzetik’ poesia antologia elebiduna argitaratu berri du Liberoamerikak. Argitalpenak 4 poeta latinoamerikar eta 4 itzultzaile euskaldun biltzen ditu, 8 ahots, nor bere itsasertzetik hizketan.

Ekuador, Mexiko eta Argentinatik ari dira Yanina Giglio, Sara Montaño, Denise Griffith eta Ingrid Bringas poetak, eta Euskal Herrian Leire Vargasek, Sarai Roblesek, Jone Makazagak eta Miren Irizarrek jaso dituzte euren hitzak.

Liburua osatzerakoan, arreta berezia eskaini diote poeta-itzultzaile arteko harremanari, elkarrizketa ikusezin baina ukigarria sortuz jatorrizkoaren eta itzulpenaren artean.

Zubia erabili ohi da itzulpen jardunaren metafora gisa, alde batera utziz, sarritan, atzera ibili ezinezko bidea dela itzulpenarena. Xendra hori urratzen aritu dira itzultzaileak, beste itsaso batzuetatik heldu diren harietatik tiraka eta bi hizkuntza diruditen hamaika lengoaia desberdin erabilita.

Liberoamerikak iberiar penintsulako eta Latinoamerikako idazle gazteen lanak argitaratzen ditu, eta 2019an hasi zen lanean Euskal Herrian.