65 urtetik gorako lau emakumetik batek genero-indarkeria jasan du EAEn

65 urtetik gorako lau emakumetik batek (% 23,4) genero-indarkeria jasan duela bere bizitzan zehar eta gaur egun % 5,7k pairatzen duela kalkulatzen da. Horrek esan nahi du adineko 67.559 emakumek jasan dutela nolabaiteko genero-indarkeria bizitzan zehar, eta 16.456 emakume inguru jasaten ari direla gaur egun.

Datuak Iratxe Herrerok eta Carlos Díaz de Argandoñak Emakundek emandako bekari esker egindako ‘Genero-indarkeria eta adineko emakumeak Euskal Autonomia Erkidegoan: zaurgarritasun ezkutua agerian uzten’ azterlanean agertzen dira.

Indarkeria jasaten duten 65 urtetik gorako emakumeen ezaugarri berezien artean, azterlanak zera adierazten du:

  • Iraupen luzeko indarkeriaren biktimak direla
  • Indarkeria onartzen eta normalizatzen dute, horretara egokituz
  • Emaztearen eta amaren rolari eutsi behar diote, eta beren nortasuna eta gizarte-ospea definitzen duten elementuak direnez, zeregin horretatik aldentzeak zailtasun handiagoa dakarkie
  • Gehiago aguantatzen dute, «aguantatzearen kultura» izenez ezagutzen dena
  • Osasun fisiko eta psikologiko egoera kaxkarragoa dute, eta beren adineko beste emakume batzuek baino irudi negatiboagoa dute euren osasun egoeraz
  • Gizarte-isolamendu maila handiagoa dute.
  • Gehienek harremanari eusten diote gizona edo beraiek hil arte
  • Gutxiago ikusarazten dute beren egoera, eta gutxiago komunikatzen diote inguruari
  • Zailtasun handiagoa dute biktima gisa identifikatzeko, laguntza jasotzeko eskubidea aitortzeko eta esplizituki laguntza eskatzeko.

Tratu txarrak ematen dituzten adineko gizonek ere ezaugarri bereziak dituzte:

  • Belaunaldi gazteenekin alderatuta sozializazio patriarkalagoa jaso dute indarkeria matxista egungoa baino gizarte laxoago batean, eta horrek indarkeria-jokabideak indartzen eta legitimatzen lagundu du.
  • Urteak igaro ahala, indarkeriazko portaera kronifikatzen dute, eta indarkeria mota modulatzen doaz zahartzeak berak gaitasun fisiko eta kognitiboetan eragindako aldaketaren arabera
  • Irudi publiko eta pribatu bikoitza erakusten dute, eta horrek indarkeriazko jokabidea ezkutatzen laguntzen du
  • Ezaugarri hori bereziki da esanguratsua zahartzaroan, adinekoekin loturiko ontasun- edo hauskortasun-estereotipoak daudelako, eta horiek ere beren bizitzako etapa honetan indarkeriazko portaerak ikusezin bihurtzen laguntzen dutelako

Ikerketak nabarmentzen du elkarteek zeregin garrantzitsua dutela adineko biktimei ematen zaien gizarte-erantzunean, funtsezkoak direla hainbat funtzio betetzen dituztelako:

Elkartzeko espazio informalak eskaintzen dituzte, biktima horiei zuzendutako edozein jarduera erraztuko duen konfiantza-giroa sortzeko beharrezkoak diren loturak ezartzeko, bai kasuak identifikatzeko, bai sentsibilizazio-, informazio- eta esku-hartze-jarduerak garatzeko. Atsedenerako tarteak eskaintzen dituzte oraindik bikote-harremana mantentzen duten emakumeentzat. Arreta-sare formaleko baliabide-sistemak egindako lanaren ezinbesteko osagarria dira.

Genero-indarkeriaren biktima diren adineko emakumeen artean, bereziki, hauek daude egoera zaurgarrian: laugarren adineko emakumeak, landa-ingurunean bizi direnak eta arreta-baliabideetara edo elkarteetara jotzerik ez dutenak.