Urtarrillaren 30ean, amantalak leiho eta balkoietara

Mugimendu Feministak Euskal Herriko Eskubideen Kartak urtarrilaren 30erako deitu duen greba orokorrarekin bat egin du Bilbon prentsaurrekoan jakitera eman duenez.

Grebak pentsio eta soldata duinak lortzea du helburu. Mugimendu feministak emakumeok doan egiten ditugun lanetan ipini nahi du arreta. Horregatik, amantalak leihoetara eta balkoietara ateratzeko eskatu du.

Gainera, egun horretan emakumeok prekaritatea, arrazakeria, heteroaraua, gerrak, kolonialismoa eta bortizkeria matxista salatuko dugu. Urtarrilaren 18an zabalduko da grebaren inguruko informazioa herrietan hainbat ekintzen bidez.

Hau da Euskal Herriko Mungimendu Feministak zabaldu duen komunikatua:

Euskal Herriko Mugimendu feministak abenduaren 14an egindako asanbladan urtarrilaren 30erako deituta dagoen greba orokorrarekin bat egitea erabaki zuen.

Greba Orokorra Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu du, pentsiodunen mugimenduaren eskakizunari erantzunez, haien aldarrietatik harago joateko asmoa adierazita.

Euskal Herriko mugimendu feministak bizitzak erdigunean jarri nahi ditu, indarkeriari, berdintasun ezari, prekarietateari, sexualitate eredu hegemonikoei, lanen sexuaren araberako banaketari, kontsumo ereduari, familia patriarkalari, jakintzaren hierarkiari, arrazakeriari, edertasun kanonari eta zapalkuntza guztiei aurre egiteko; aldarrikapen hauek guztiak mugimendu feministaren borroken parte izan dira, eta horregatik, greba orokorrera atxikitzea beharrezkoa dela uste dugu.

Greba feministaren planteamenduak bizitzako eremu guztietara zabaltzen dira, lanaren kontzeptu klasikoa eraldatzeko asmoz. Gure iraultza heteropatriarkatu kapitalista eta kolonialistak sortzen dituen bazterretatik eraikitzen da

Azken greba feministetako irakaspenetan oinarrituz, hauek dira gure aldarrikapenak:

BIZITZA PREKARIORIK EZ!

Kapitalaren erreprodukzioa bizitza (gizatiarra eta ez gizatiarra) baliabide ekonomiko bihurtzen du. Hori dela eta, baliabide mugatuak dituen planeta honetan bizitzaren jasangarritasun kolektiboa bermatzea eta elkarmenpekotasuna onartzea eskatzen dugu.

INDARKERIA MATXISTARIK ETA HETEROARAURIK GABEKO BIZITZA ANITZAK!

Sistema heteropatriarkala gure gizartea osatzen duten erakunde guztietan islatzen da. Emakumeok, bollerok eta transok sistemak inposatzen digun izateko eta sentitzeko moduen aurrean matxinatu egiten gara; biktima eta otzan nahi gaituzte.

ARRAZAKERIARIK ETA GERRARIK GABEKO BIZITZAK! KOLONIALISMOAREN AURREAN GURE GORPUTZA, LURRALDEA ETA LURRA DEFENDA DITZAGUN!

Gure lurraldeak zeharkatzen dituzten ofentsiba arrazista eta faxistaren aurrean, ordena koloniala indartzen duten itunak ezabatzea exijitzen dugu, gure gorputzak eta lurraldeak espoliatzen eta suntsitzen dituztenak, bai iparraldean zein hegoalde globalean.

Bizitzako esparru guztietan herriei subiranotasuna itzultzea exijitzen dugu, haien biziraupenerako eta burujabetzarako. Mugimendu feministaren kideok greba feministaren aldarrikapenak bere gain hartzeko eskatzen diegu gutun sozialaren parte diren sindikatu eta eragileei.

Horrez gain, herri eta hirietan sortuko diren greba batzordeei horiek lantzeko ardura mahaigaineratu nahi diegu. Zaintzak kolektibizatzeko beharretik abiatzen gara; zaintzen kudeaketaren ariketa kolektiboa egitea proposatzen dugu, prozesuan, edukietan eta egunean bertan mugimendu feministako kide diren emakumeengan eror ez dadin.

Greba batzordeetan parte hartzeaz gain, joan den martxoaren zortzian euren indarra eta ahalmen mobilizatzaile eta eraldatzailea erakutsi zuten Euskal Herriko herri eta hirietan dauden sareetatik lanean jarraitzea ezinbestekoa deritzogu.

Mugimendu feministak egindako asanbladan honakoak adostu genituen:

– Urtarrilaren 18an Euskal Herriko herri eta hirietan greba deialdiarekin bat egiteko ekintzak egitea.

– Greba feministaren aldarrikapenak ikusaraztea.

– Greba-batzordeetan parte hartzea.

– Urtarrilaren 30ean besoko morea erabiltzea.

– Emakumeok doan egiten ditugun lanak ikusaraztea, amantalak leiho eta balkoietara ateraz.

Eremu sinbolikoak sortzea greban egon ezin diren emakume guztiengatik (etxeko langileak, presoak, zaintza lanak egiten egongo diren emakumeak, eraildakoak…).

Badakigu denbora gutxi dugula grebaren antolaketa prozesuari arreta jarri eta hau zaintzeko, baina mahai gainean ditugun borrokak elikatzeko, gure presentzia beharrezkoa dela uste dugu.

Berriro ere mugimendu feministaren indarra erakutsi nahi dugu, azken bi urte hauetako martxoaren 8ko grebetan egin genuen bezala, edo aurreko urteetan, 2015ean, abortuaren aldeko mobilizazioekin, eta 2016an, Feministok prest ekimenean, indarkeria matxisten aurka.

Greba orokorra feminista izango da!