Uriz Pi ahizpei eskainitako erakusketa Parisen

Parisko Cervantes Institutuak “ziurrenik, XX. mendean nazioartean proiekzio handiena izan zuten Nafarroan jaiotako emakumeek” Josefa eta Elisa Úriz Pi ahizpei eskainitako erakusketa aurkeztu du.

Erakundeak adierazi duenez, “gizarte-konpromisoaren eta balio demokratiko unibertsalen aldeko borrokaren benetako adibidea izan dira” ahizpak eta horien barruan feminismoak leku nabarmena du.

Badostain eta Tafallan jaioak, maistrak, abangoardistak, feministak eta iraultzaileak, beren idealengatik jazarri eta atzerriratzera behartu zituzten, lehenik Frantzian eta geroago Alemanian, non berdintasunaren aldeko borrokan jarraitu zuten.

Emakume eta haurren defendatzaileak

Frantzian, Gerra Zibilaren ondorioz kanporatutako beste errefuxiatu espainiar batzuei laguntzen aritu ziren. Alemaniarren inbasioa gertatu zenean, nazien okupazioaren aurka FBIren (Frantziako Barne Indarra) antolaketan parte hartu zuten. 1951n, Frantziatik, Gerra Hotzaren erdian, Alemaniako Errepublika Demokratikora kanporatu zituzten.

Bizitza osoa eman zuten emakumeen eta haurren eskubideen defentsan. NBEk 1954an aldarrikatutako Haurren Nazioarteko Egunaren ezarpena Elisaren ekimena izan zen. Josefak, bere aldetik, duela ehun urte, ekarpen handia egin zuen Europako aurrerapen pedagogiko modernoak Espainiako hezkuntza-sistema zurrunean sartzeko, eta horregatik jazarri zuten Gerra Zibilaren aurretik eta ondoren.

Erakusketa Cervantes Institutuaren egoitzan (11 Av. Marceau-n) egongo da apirilaren 21era arte.