Talibanen beldurrezko urtebete

Talibanek urtebete bete dute boterean Afganistanen eta, epe horretan, emakumeak azken bi hamarkadetan lortutako eskubideak galtzen joan dira pixkanaka.

Feminist.org webgunean argitaratutako eta hainbat kazetaritza-iturritan oinarritutako erreportaje baten arabera, Afganistango batez besteko emakumeen bizitza oso azkar okertu da azken urtean. Erregimenak beren etxeetan sartzera behartu ditu, debekatuta dute soldatapean lan egitea, bakarrik bidaiatzea, eskolara joatea edo arreta medikoa jasotzea gizonezko ahaiderik gabe.

Emakumeak etxean

Errepresioa progresiboa izan da. 2021eko abuztuan emandako agindu batek “segurtasunagatik” etxean geratzeko eskatu zien emakumeei. Talibanek soldaduak ez zituztela “entrenatu” emakumeak errespetatzeko, eta neurriak erasoak ekiditea zuela helburu argudiatu zuten.

Emakumearen Ministerioaren itxiera

Dekretu hori ondorengo aldaketen hasiera izan zen. Irailean, talibanen kontrolaren lehen hilabetean, Emakumeen Gaietarako Ministerioa itxi zuten eta Bertutea Bultzatzeko eta Bizioa Debekatzeko Ministerioak ordezkatu zuen.

Emakumeen eskubideak sustatzeaz arduratzen zen erakunde nagusiaren eginkizuna moraltasunaren poliziak hartu zuen, afganiarren itxura eta bizimodua zaintzen dituenak, batez ere emakumeena. Talibanen lehen erregimenean, erakunde horrek indarkeria handiz jarduten zuen. Horren adibide da harrikatzea, gorputz-adarrak moztea eta emakumeen eta nesken astindua, azazkalak margotzea bezalako ekintza simpleengatik.

Lanik gabe

Talibanen erregimenaren bitarteko gobernu berriak ez du kabineteko emakumerik barne hartzen, gobernu inklusiboago baten promesak gorabehera. Kabulen berriro lan egin ahal izan duten emakume bakarrak gizonek egin ezin dituzten lanak egiten dituzte, hala nola hiriko emakumeen komunak garbitzea.

Eskolak itxita

Irailean, hezkidetza ere debekatu zen, eta goi-mailako hezkuntza erabat bereizi zen. Emakumeei oraindik joaten uzten zaien goi-mailako hezkuntzako lekuetan, aurpegia eta gorputza erabat estaltzea eskatzen zaie. Gainera, “aldi baterako” itxi ziren nesken bigarren hezkuntzako eskolak ez dira berriz ireki.

Kirolean eta telebistan desagertuak

Emakumeek kirolean duten presentziari ere betoa jarri zaio, eta are gehiago mugatu da arreta medikoa jasotzeko aukera; izan ere, gertuko senide maskulino batekin joatea eskatu da, eskolta gisa jardun dezan, segurtasuna eta moraltasuna bermatzeko.

Hilabete berean, talibanek debekatu zuten emakumeak telebista ez informatiboko programetan agertzea, hala nola telenobeletan eta entretenimenduko programetan. Gainera, atzerriko programak debekatu ziren. Bazterketa horrek emakumeak bizitza publikotik desagertzea eragiten du.

Mugitzeko askatasunik gabe

Emakumeek mugitzeko askatasuna ere mugatuta dute. Ezin dute 80 kilometro baino gehiago egin edo hegazkinez bidaiatu eskoltarik gabe. Halaber, ezin dute autoz bakarrik bidaiatu.

Maiatzean, burkarekin goitik behera estaltzeko agindu zitzaien emakumeei. Funtzionario talibanek arau horiek betezearen erantzule gizonezko ahaideak izango zirela ere agindu zuten. Afganistango emakume askok ez dute estaldura osoa betetzen eta askotan jazartzen dituzte  talibanek.

Aurreko aurrerapenak

Murrizketak izan arren, zerbait aldatu da talibanen lehen erregimenarekin alderatuta. Azken 20 urteetan, emakumeen eskubideek aurrera egin dute arlo guztietan. Amen heriotza-tasak jaitsi egin ziren, alfabetatzeak gora egin zuen eta gobernuko enpleguen ia % 30 lortu zuten.

Erresistentzia kaleetan

Horregatik, emakumeek eutsi egiten diote oraingoan. Talibanen ediktu bakoitzari kalean erantzun diote, nahiz eta manifestazioek izugarrizko arriskua dakarten beraientzat. Protesta horietan, emakumeak jazarri, atxilotu, leku ezezagunetan espetxeratu eta soldadu talibanek eraso egiten diete. Baina horrek ez ditu geldiarazi.

Krisi ekonomikoa

Krisi ekonomikoak areagotu egin du Afganistango emakumeen giza eskubideen urraketa. Lehorte handiak (okerrena azken bi hamarkadetan) eta inflazio gero eta handiagoak pobretu egin dute jende asko. Biztanleen % 95 inguruk ez du behar adina jaten, eta etxeen % 80 zorpetuta daude.

Gainera, talibanak boterera itzultzeak nazioarteko zigorrak eta laguntzarako korridore asko desagerraraztea ekarri du. Erakunde asko ari dira borrokan dirua eta hornidurak lortzeko eta talibanek konfiskatu eta euren aldekoengana ez eramateko.

Lagundu itzazu

Feminist.org-ek Afganistango emakumeei babesa emateko eskatu du, haien egoera nazioarteko erakundeen aurrean salatuz, emakumeen giza eskubideen errespetua eska dadin. Salaketak eta albisteak partekatzea ere lagungarria da.