LIBURUA
Sandra Labastieren ‘Tximeleten eternitatea’, euskaraz

Sandra Labastieren 'Tximeleten eternitatea' euskaraz atera dute. 13 urteko neska bat du ardatz
Guzti-guztiaren bukaera. Ezagututakoaren eta ezagutzeko egon daitekeen ororen eten betierekoa. Azken egun horren zain dago Sandra Labastieren liburu entzutetsuenaren protagonista: 13 urteko neskato bat, komunitate milenarista bateko kidea, apokalipsiaren ideia horrekin «obsesionatuta» dagoen inguru batean hezia. Hitzek «doktrinatu» dute, eta hitzek dute askatuko. «Muturreko erlijio mugimenduetan doktrinamendua oso gogorra da, eta hitzak errealitatea distortsionatzeko balio dute. Neskato bati erakusten zaionean zerbait horrela dela eta eta ez beste inola, bizitza osoaren gaineko begirada alda diezaiokezu». Hala sinesten du egileak. Hitzen tranpa horretan harrapatuta egon ondoren, esanahiak berrikasi egingo dituen neskaren bidea jaso du Tximeleten eternitatea-n.

Duela bost urte kaleratu zuen jatorrizko lana Labastiek, frantsesez. Eta Alberdaniak ekarri du orain euskarara, Mitxel Muruaren itzulpenarekin. Jorge Gimenez editorearen arabera, hasieratik izan dute nobela begiz joa. Arrazoi batengatik, bereziki: «Erronka literario oso zailari egiten dio aurre; 13 urteko neskatila baten begietatik mundu oso bat deskribatzea, nekagarri gertatu gabe, ezti gehiegi darion narrazioa izan gabe, umekerietan erori gabe». Hori guztia modu «hotzean» kontatzen du idazleak, editorearen esanetan. Gutxika, eroriz doakio dogma, eta «begiak irekitzen» doa hala. Hiztegi batek izango du horretarako giltza, zeinari esker hitzen zentzua hiztegian eta komunitatean bat ez datozela ohartuko den protagonista. Labastie: «Hiztegia jakintzarako eta subertsiorako tresna izango da harentzat, bere pultsu bitalarekin batera. Hitzen bidezko alienazioari buruzko gogoeta bat dago hor».

 

ALBERDANIA
Urtea: 2019
Orri kopurua: 160
Prezioa: 17.00 €

Utzi erantzuna