Pandemiak markatuko du Landa Eremuko Emakumeen eguna

Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da gaur. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, Hazi fundazioarekin batera, jardunaldi batzuk antolatu ditu gaiaren inguruan. Pandemia dela eta online izango dira.

Jardunaldietan hainbat emakume adituk landa eremuko emakumeen inguruko zenbait gairi buruz hitz egingo dute. Hitzaldiak urriaren 7tik aurrera Interneten ikus daitezke. Gaur, hizlariek mahai inguru batean, hau ere online, hartuko dute parte. Egungo krisiari eta horren ondorioz landa inguruneko emakumeentzat aldaketarako sortu diren aukerei buruz duten iritzia azalduko dute.

Interneten eskegita dauden hitzaldiak hauek dira:

Maria Olartek, coach exekutiboak, 25 urte daramatza pertsonen inguruan lanean, 20 urte baino gehiago bere negozioan ekintzaile, eta 10 baino gehiago landa inguruneko enpresekin lankidetzan. Horiek lurraren balioak, lan gogorra, ongi jatea, zaintza eta jasangarritasuna erakutsi dizkiotela dio.

Silvia Piris soziologoa da eta Colectiva XXK Feminismos, pensamiento y accion taldeko kidea da, Amaia Perez Orozcorekin batera. Bere hitzaldian landa inguruneko emakumeak elkartzearen garrantzia azpimarratu nahi du. Dioenez, ahalduntze prozesu feminista ororen erdigunean dago “beste emakume batzuekin elkartzea eta geure burua ezagutzea” eta antolatzea, gure agenda defendatzeko.

Ana Elosegi psikologo sanitarioa da eta psikoterapeuta, feminismoan aditua. Duela 9 urte, bere familiarekin landa ingurunera bizitzera joan zen, eta han Saiaz Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuetako arduradun Elena Rikondorekin jarri ziren harremanetan. Harrezkero, Mankomunitate osoko emakumeekin lan egiten dute elkarrekin. Kafe tertuliak, aholkularitza psikologikoa, ikastetxeetan hezkidetza proiektuak, eta adineko emakumeen ahalduntzea lantzen dituzte.

Olatz Berastegi Nafarroako landa ingurunean jaio eta hazi da. Soziologoa da, familia psikoterapeuta eta sexologoa, eta bere ibilbide pertsonal, akademiko eta profesionalak aukera eman dio landa ingurunean bizi diren emakumeengana leku desberdinetatik hurbiltzeko.

Hizlariek beren mintzaldian landu dute landa eremuan bizi diren emakumeentzat bakardadeak dituen berezitasunak , distantzia fisikoak eragiten dien autokonfinamendu egoera eta baita pandemiak eragindako itxialdiaren ondorioak ere. Testuinguru horretan, bakardadeari aurre egiteko gakoak eman dituzte.

Beatriz Garcia Zuzenbideko lizentziatua Deustuko Unibertsitatean eta aholkulari juridikoa da Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzan. 2018 urteaz geroztik, Emakume Nekazarien Estatutuaren jarraipenerako batzordeko idazkaritza teknikoko kide da, eta aipaturiko Estatutua garatzen eta inplementatzen dela zaintzeaz arduratzen da.

Bere hitzaldian, aipatutako Estatutuaren errepasoa egingo du, eta dokumentuak nekazaritza sektoreko emakumeen garapena lortzeko egiten duen apustua aztertu du.