Otxarkoagako elkarteek Bilboko Udalari indarkeriarekiko sentsibilitate falta egozten diote

BerdinOtxar osatzen duten Otxarkoaga auzoko elkarteek Bilboko Udalari indarkeria matxistarekiko sentsibilitate falta leporatu diote. Arazoa berdintasunaren aldeko mural bat egiteko orduan ez zaielako nahi zuten lekuan ipintzen utzi eta leku ikusezin eta degradatu batera eramatera behartu dituztelako sortu da.

Haien ustez, “herritarrei eragiten dieten gizarte-arazoak, hala nola genero-indarkeria, emakumeak hainbat espazio eta eremutan ikusezin bihurtzea eta abar, ez dira eremu degradatu eta apartatuetan lantzeko gaiak, baizik eta eremu ikusgarrietan, erdiguneetan eta inpaktu handiena duten lekuetan”.

‘Udala, non dago gure murala?’

Euren haserrea erakusteko, komunikatu bat atera dute: Udala, non dago gure murala?’, izenburukoa. Bertan azaldu dute elkartea Bilboko Udalaren ‘Andre ta Jabe’ programatik sortu zela. Kolektiboaren helburua “auzo hobea sortzea” zen, “baliabide gehiagorekin; emakumeen eta gizonen, talde etnikoen eta abarren arteko desberdintasunik gabe”.

Horrexegatik, “sumindu egiten gaitu orain Udalak berak gure lana ez errazteak, baita generoen arteko berdintasunaren aldeko borroka ikusarazteko aukera ez emateak ere”, azaldu dute. Hori dela eta, “tristeki egiaztatzen dugu sistemak eta erakunde publikoek benetan zaila egiten digutela”.

Eta, gehitu dute, “hori are larriagoa iruditzen zaigu, izan ere, Otxarkoaga auzo ‘ikusezina’ delako berez, eta horrelako jarrera eta erabakiek are gehiago isilarazten dituztelako gure ekintzak eta aldarrikapenak”.