Non hago gerizpeko larrosa?

Zenbat bider abestu ote dugu ‘Urepeleko artzaina’ abestia, emozioz hunkiturik! Zein larretan ote dagoen galdezka, zerura begira, han goian erantzuna aurkituko dugulakoan edo. Izan ere, handia izan zen Fernando Aire ‘Xalbador’ bertsolaria. Nik zuzenean, oholtza gainean, entzuteko zoria izan nuen, Mattin bere saio askotako bikotearekin batera, eta oroitzapen oso ona gordetzen dut.

Baina nork lisatzen ote zizkion bertso saioetara hain dotore agertzeko Urepeleko artzainari alkondara, praka eta enparauak? Nork zaintzen ote zituen ardiak Xalbador bertsotan zegoen bitartean? Eta bertso saioen ondorengo tarteetan? Nork jagoten ote zituen 4 seme-alabak txikiak zirenean?

Leoni Etxebarren izan zen urte luzez zeregin guzti horiek egiten zituena. Leoni, Xalbadorren emaztea, Urepelen 1924an jaio eta Donibane Garazin 2014an zendu zena. Leonik bertsotan ere bazekien, baina inoiz ez genuen plazan ikusteko aukerarik izan. Agian, ez zuen sekula jendaurrean bertsotan egingo. Halere, jakin bazekien. Bertso-jartzailea izan baitzen.

Fernando Aire “Xalbador”, Odolaren mintzoa liburua amaitzeko zorian zela, 4 bertso jartzeko enkargua jaso zuen Leonik. Lau ez ezik, zortzi sortu zituen. Bertso horietan Xalbadorren sorkuntza prozesua berak nola bizi izan zuen azaldu zuen.

Leonik enkarguz egin zituen arren, bertso horiek ez zituzten sartu Odolaren mintzoa liburuaren lehen edizioan eta berrogei urtez isilean egon ziren, harik eta, 2016an Amets Arzallusek Odolaren mintzoaren berrargitalpenean ekarri zituen arte.

Hona hemen Leoniren sorkuntza lana:

Fernandok eginen du laster liburua

artean galtzen ez badu gaixoak burua.

Aspaldi honetan hau da honen helburua

orain ikusi dut nik zabaltzen zerua.

Nik ere hemen badut erraiteko hitza

orain artean segur ez nindaikeen mintza

ez zait ibiliz egin mihi gainean pintza.

ez da aise egona geldirik zilintza.

Egun on erran eta eguna hastean,

bertze solasik gabe ginen arratsean.

Sei kopla egin ditu bakarrik astean

isilik nola hatsik ni hezi artean.

Kantu egin eta egin ari da Xalbador

liburua betetzen eder eta sarkor.

baldin gure etxera jenderik badator

irria kario du, bera dago mokor.

Liburu horrendako ez niza bero ni,

pairatu badut ere isilik egonik.

Bentzutu beharra dut senarra gero nik

bertsoka ikasi du oraintxe Leonik (Bis)

Bertso eder hauek 40 urtez gerizpean egon badira, beste zenbat larrosa ez ote dira zimeldu gerizpean?

Agur eta ohore, Leoni Etxebarren.