Mugimendu Feministak zaintzako sistema publikoa eskatzen du

Hogei euskal talde feministak baino gehiagok, hainbat gaitako adituen laguntzarekin, COVID-19ren krisialdiaren diagnostikoa egin dute eta exijentzia batzuk planteatu dizkiete erakundeei, horien artean zaintzako sistema publikoa eta horren barruan dependentziaren arretarako zerbitzua.

Talde feministek egin duten diagnostikoak argi utzi du “bizitza krisian dagoela batetik, eta bizitza guztion artean zaindu behar dugula bestetik”, feministen ahotan aspalditik zeuden mantrak.

Krisi horren adierazle dira, adibidez, funtsezko zerbitzuen pribatizazioa, enplegu feminizatuen kalitate txarra eta babes-neurri orokorren falta. Baita indarkeria matxista, arrazismoa eta prekarietatea areagotzea ere. Gainera, itxialdiak ez du balio izan etxeko lanen eta zainketen banaketan aurrera egiteko. Bestalde, saltoki handiei mesede egin zaie, denda eta tokiko ekoizleen kalterako.

Herri-jangelak behar dutenentzat

Egindako dokumentua, itxita ez badago ere,  Bilgune Feministaren webgunean kontsulta daiteke.Taldeetan eztabaidatzeko fasean dago. Bertan agertzen diren beste eskaera eta eskakizun azpimarragarri batzuk hauek dira:

Herri-jangelak. Euskal Herriko lurralde osoan herri-jangelak irekitzea: ez soilik etxerik ez dutenentzat, kalteberatasun-egoeran bizi diren herritar guztientzat baizik: haurrak (ikastetxeak itxi izanaren ondorioz); baliabiderik gabeko pertsona eta familiak; bakarrik dauden nagusiak; baliabiderik ez duten guraso bakarreko familiak, etab.

Landa-inguruneko produktore txikiak. Bertako produktuak erosteko deia egitea, kontuan hartuta tokiko elikadura-sistema osasungarriari eustea inoiz baino beharrezkoagoa dugula orain, nola ekonomiarentzat hala osasunarentzat.

Indarkeria matxista. Behin konfinamendu-egoera amaiturik, azterlanak sortzea, konfinamendu-egoeran indarkeria matxista nola gauzatu den jakiteko, eta emakumeengan eremu guztietan (bikotea, lana, etab.) izan duen inpaktuaren berri izateko. Aldi berean, konfinamenduan zehar indarkeria matxistak garatu dituen modu berriak identifikatzea, konfinamenduaren kalteak agerian jartzeko eta arretarako eta konponbiderako mekanismo egokiak aktibatzeko.

”Zaindu ninduzunez, erroldatu egingo zaitut”

Indarkeria arrazista. Administrazio-egoera irregularrean egonik etxeko eta zaintzako lanetan diharduten emakume migratzaileei dagokienez, erroldatze-ekimen bat abian jartzea herritarren sarearen bitartez, ”zaindu ninduzunez, erroldatu egingo zaitut” lelopean. Bakarrik emigratzen duten haur eta gazteei dagokienez, inoren laguntza ez duten adingabeen babesa harrerako pisu edo zentroetan bermatzeko behar diren baliabideak jartzea, hutsik dauden etxebizitzak desjabetuz. Hezkuntzarekin aurrera jarraitzeko aukera bermatzea, online prestakuntzarako materialak  eskura jarriz horrelakorik ez badute, edota eskolak egokituz.

Bizitzaren degradazioa eta autonomiaren galera:

Oro har, bat egiten dute:

  • Bizitzaren prekarizazio orokorreko eta desparekotasun ekonomikoak handitzeko prozesua geldiarazi nahi duten aldarrikapenekin, besteak beste: oinarrizko hornigaiak (ura, argia eta gasa) bermatzea, eta ez ordaintzeagatiko hornigai-mozketarik ez izatea; alokairuaren eta hipotekaren ordainketa barkatzea partikularren kasuan, eta etetea inbertsio-funtsen kasuan; etxegabetzeak geldiaraztea; Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsona guztiek alarma-egoeran prestazio horri jasotzen jarraitzea, eta dokumentazioa aurkezterik ez duten eskatzaileei ere onartzea.
  • Lan-prekarizazioko prozesua eta osasun-krisiaren egoera lan-baldintzak degradatzeko aitzakia gisa erabiltzeko ekimena geldiaraztea.
  • Laguntza espezifikoko neurriak langile autonomoentzat (autonomoen kuota ordaintzeko moratoria, ordainketetan berandutzeagatiko mota guztietako errekarguak ezeztatzea…), kalez kaleko salmentan eta antzekoetan dihardutenak barne (gutxieneko errenta bermatua).
  • Ekonomia Sozial Eraldatzaileari eta Ekonomia Sozial Solidarioari espezifikoki laguntzeko neurriak.

Bizitza, bizitza duina, eta, beraz, autogobernatua, ahalbidetzen duen guztia neutralizatzen, pribatizatzen eta prekarizatzen duen nekropolitika neoliberal eta patriarkalaren aurrean neurriak. Besteak beste:

  • Espainiako estatuko lurralde-krisiari, herrien autodeterminazio eta burujabetzatik heltzea, lurraldeen eskura horretarako mekanismo demokratikoak jarriz.
  • Sozietateen eta kapitalaren errenten gaineko zerga igotzea.
  • Berehala, aurrekontu sozial batzuk egitea, arrazakeriaren eta patriarkatuaren aurkakoak.
  • Osasun pribatuaren eta beste zerbitzu pribatizatu batzuen nazionalizazioa edo publifikazioa (ez aldi baterakoa), botere publikoek instalazio horiek guztiak kontrolatzea, herritar guztiei zerbitzua emateko
  • Autogobernu eta burujabetzarako estrategietan sakontzea haien dimentsio guztietan, besteak beste, elikaduraren, energiaren eta teknologiaren alorretan.