Mugimendu feministak diru murrizketarik etetea exijitzen die erakundeei

Covid19aren krisiak kinka larrian utzi du “prekarioa zen, lehenagotik ere, eragile feministen egoera”, auto-finantzatzeko iturriak eta dirulaguntzak blokeatuta. Horregatik hainbat elkartek diru murrizketarik ez egitea eta baliabideak eskuragarri jartzea exijitu die erakundeei. Horrek “eragile feministen lana behar bezala aitortzea” suposatuko luke, haien ustez.

Elkarte feministek, 2020ko dirulaguntzak ez direla atera eta murrizketekin datozela jakitean, idazki bat zuzendu die Emakunde, Inai, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba zein Nafarroako diputazio eta udalei. Manifestua sinadura gehiagotara irekita dago.

Mugimendu feministak jendartean duen garrantzia azpimarratu dute komunikatuan. “Gure lana balio handikoa da, izan ere, harreman, balio-sistema eta biolentzia heteropatriarkalei aurre egiteko ehuna osatzen dugu; hortaz, jendartea feminismotik eraldatzeko ezinbesteko zutabea gara”, diote.

Eragile feministak autogestioaren tradiziotik datoz baina baliabide publikoak bilatu dituzte proiektuak martxan jartzeko”

Eragile feministak autogestioaren tradiziotik datoz baina baliabide publikoak bilatu dituzte proiektuak martxan jartzeko edo egiturak indartzeko.  Hemendik aurrera, ordea, susmoa dute laguntza publikoak ez direla bermatuko, “batetik, elkartegintza feminista sustatzera bideratutako aurrekontua eskasa delako. Bestetik, instituzioek ezarritako erritmo, epe eta burokrazia itogarrian murgilarazten gaituztelako, eta hori, askorentzat gainditu ezina den langa delako”, salatu dute.

Garbiketa morea

Horrek agerian uzten du erakunde eta alderdi politikoek egindako feminismoaren defentsa “garbiketa morea” baino ez dela. Ondorioz, “Euskal Herriko erakunde publikoetan, orokorrean, ez aurrekontuak, ezta politika publikoak ere ez direla feminismoan ardaztu”, azpimarratu dute.

Alegia, “hartzen diren neurriak ez dira nahikoak emakumeok bizi ditugun egiturazko biolentziei aurre egiteko, eta ondorioz, bigarren mailako herritar bihurtzen gaituen sistema betikotzen dute administrazio eta gobernuek”, adierazi dute.