Migranteen erregularizazioaren aldeko manifestazioak antolatu dituzte iganderako Bilbon, Donostian eta Iruñean. Martxak 12etan abiatuko dira Bilboko Mariaren Bihotza plazatik, Iruñeko Gaztelu plazatik eta Donostiako Boulevardetik.

Antolatzaileek diotenez, arrazializatu eta migratuen prekarietatea areagotu da COVID19ren ondorioz. Gainera, Atzerritartasun Legeak pertsona horien eskubide sozial eta ekonomikoak are gehiago urratu ditu.

Horregatik, manifestazioa bultzatu duten elkarteek migratuen erabateko erregularizazioa, CIE eta CETI guztien itxiera eta zaintza lanetan ari diren emakumeen errekonozimendu eta kualifikazioa eskatzen dute.

Hau da Bizkaiko Erregularizazioa Orain plataformak kaleratu duen komunikatua:

Bizkaiko Erregularizazioa Orain plataforma pertsona migratu, arrazializatu eta errefuxiatuek osatzen dute. Gure plataformatik Espainiako gobernuari eskatu nahi diogu, espainiar estatuan egoera administratibo irregularrean dauden pertsona guztien erregularizazioa bermatzea, baldintzarik gabe eta behin-betiko.

COVID19ak pertsona arrazializatu eta migratuen prekarietate egoera agerian utzi eta larritu egin du eta hori gutxi balitz, atzerritartasun legearekin gure eskubide sozial eta ekonomikoak are gehiago urratu egin dituzte. Gure gorputzak lehenengo lerroan jarriz, gure lagun eta bizilagunak lagundu ditugu eta hazkunde ekonomikoa bultzatu dugu, ezkutuko ekonomiarekin bada ere.

Pertsona arrazializatu, migratu eta errefuxiatuen borrokak aurrera darrai eta ez gara geldituko gure eskubideak, askatasuna eta duintasuna errekonozitu arte.

Agintari guztiei erronka hori modu integralean, inklusiboan eta gizatiarrean har dezaten eskatzen diegu.

Horregatik guztiagatik, gaur oihuka argi eta garbi exijitzen dugu:

– Pertsona migratu guztiak berehala, behin-betiko eta baldintzarik gabe erregulatzea

– CIE eta CETI guztien itxiera, Ceutan eta Melillan itxialdian jarri dituzten pertsonak penintsulara mugitzea eta itzulketen eta deportazioen amaiera

– Zaintza lanetan ari diren pertsonen, emakume migratuen, errekonozimendua eta kualifikazioa. Haiek dira, haien gorputzekin, bizitzari eusten diotenak lan-baldintza txar eta bidegabeetan

– Atzerritartasun legea berehala indargabetzea eta polizia-indarkeria arrazista eta arrazakeria instituzionala jasan duten pertsona guztientzako justizia

– Profil etnikoaren araberako sarekada arrazisten amaiera eta kale saltzaileen kriminalizarioaren bukaera

– Baldintzarik gabe pertsona guztiak erroldatzea Euskadin

Erregularizazioa oinarrizko eskubidea da eta lehenengo pausua da pertsona guztien duintasuna lortzeko. Ez da karitatea, justizia soziala da!