Medeak-ek kide feminista batek jasandako eraso sexuala eta transfoboa salatu du

Medeak talde feminista gipuzkoarrak kide batek jasandako eraso sexuala eta transfoboa salatu zuen atzo prentsa ohar baten bidez. Jipoiak ez ezik, ondoren bizi izan zuen prozesu judizial gogorra ere gaitzetsi du taldeak. Izan ere, epaileak eraso arina baino ez zuen onartu. Klikatu hemen ikaragarrizko testigantza irakurtzeko (gastelaniaz ere badago)

Oharrean diotenez, erasoa maiatzaren 23an gertatu zen. Donostiatik gertu gasolindegi batean zegoela, arrazoi lesbofobo eta transfoboek bultzatuta, eraso fisiko larria jasan zuen gizon baten eskuetan. Kideak, gasolindegiko langile baten laguntzaz, erasoa gelditzea lortu zuen arren “ondoren justizia patriarkalaren prozesu biktimizatzaile bikoitza jasan behar izan zuen; besteak beste, erasotuak izandakoa eraso sexual edo gorroto-delitu bezala ez prozesatzeagatik”.

Medeakoek argi dute justizia feminista ez dutela epaitegietan lortuko. Horregatik erasoaren testigantza jaso dute kaleratzeko eta zera aldarrikatzen dute: “Gorrotoan, matxismoan eta transfobian oinarritutako jarrera eta pentsamolde hauek onartezinak dira, eta guk feministok eta transmaribollerok aurre egingo diegu, ez gara isilduko, ez gara geldi geratuko”. Horretaz gain, “gorrotoaren aurrean askatasunaren eta bizitzaren aldeko borrokarekin erantzungo dugu eta gure askatasunaren eta bizitzaren aldeko borroka transfeministan jarraituko dugu”, ohartarazi dute.