Lumineszenteak: emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak

Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak eta erresilientzia historia zenbait batzen dituen erakusketa urtarrilaren 28ra bitarte egongo da ikusgai Donostiako Okendo Kultur Etxean. Bertan, Igone Mariezkurrena kazetariaren eta Irantzu Pastor argazkilariaren proiektuan oinarritutako lanak ikusi ahal izango dira.

‘Lumineszenteak’ proiektuak diskurtso nagusietan lekurik ez duten emakumeen bizitza historiak eta irudiak batzen ditu. 2018-2021 bitarte, Palestinan, Indian, Lakota Nazioan eta Euskal Herrian bertatik bertara dokumentatutako narrazioak eta material grafikoa dakartza. Material horretatik abiatuta izen bereko liburua ondu dute egileek; bertan, 63 emakumeren testigantzak eta erretratuak jaso dituzte.

Testuinguru oso gogorretan jaio eta hazi arren, aurrera egin eta ingurukoen artean indarra eta kemena kutsatzeko gai diren emakumeak dira obra honetan protagonista. Emakumeen inguruko diskurtso homogenizatzaileak apurtu eta, horien ordez, begirada konplexuagoak bideratzeko saiakera bat da.