Literaturazaleek Eider Rodriguez edo Itxaro Borda sarituko dute aurten

111 Akademiaren Sariak, euskal literaturazaleen bilguneak, Itxaro Borda edo Eider Rodriguez sarituko du aurten. Jakinarazi dutenez, aste honetan iragarriko da nor den sariduna.

Hautaketa hiru bozketaren bidez egin da. Bigarrenean, Juan Kruz Igerabideren ‘Doneaneko alaba’, Eider Rodriguezen ‘Eraikuntzarako materiala’, Itxaro Bordaren ‘Euri zitalari esker’, Lander Garroren ‘Faith’Irati Goikoetxearen ‘Herriak ez du barkatuko’Kirmen Uriberen ‘Izurdeen aurreko bizitza’ eta Alberto Ladron Aranaren ‘Mendekuaren hazia’ izan dira lehian. Lehenengo bueltan boto gehien jaso zuten zazpi obrak dira.

111 Akademiak azaldu duenez, “bigarren bueltan saridun izendatzeko beharrezkoa den botoen % 40 lortu duen lanik ez zen izan eta, beraz, boto gehien jaso duten bi obrak pasatu dira aurtengo finalera: Eider Rodriguezen ‘Eraikuntzarako materiala’ eta Itxaro Bordaren ‘Euri zitalari esker’.

200 irakurle

111 Akademia Euskal Herriko literaturazaleen bilgunea da. Ia 200 irakurlek hartzen dute parte egitasmoan. Liburuak irakurri, iruzkinak bidali eta urtero 111 Akademia saria ematen dute. 2011 urtera arte, Beterriko Liburua Saria izena zuen sariak.

Azken saridunak Karmele Jaioren ‘Aitaren etxean’ (2019an), Harkaitz Canoren ‘Fakirraren ahotsa’ (2018an) eta Uxue Alberdiren ‘Jenisjoplin’ (2017an) izan dira.