LABek etxeko langileen hitzarmenaren negoziazio prozesua zabaltzea eskatzen du

Confebaskek EAEko etxeko langileen lehen hitzarmenerako negoziazio mahaia irekitzeari uko egin zionez, LABek demanda jarri zuen eta gaur epaiketa egin da. LABek elkarretaratzea egin du Bilboko epaitegien aurrean, sektoreko milaka langileentzako hitzarmen kolektiboa eskatzeko. Garbiñe Aranburu koordinatzaile nagusiak “erantzukizuna bere gain hartzeko, distrakzio-teknikak alde batera uzteko eta negoziazio-prozesua zabaltzeko” exijitu dio Confebaski.

Aranburuk adierazi duenez, “eskubideez hitz egiten ari gara, eta Confebaskek, bere jarrerarekin, bere erantzukizunari ihes egiten dio. Milaka emakumeri langile izaera eta lan-baldintzak arautzeko eskubidea ukatzen die. Badirudi Confebaskentzat onargarria dela langile horiek, gehienak emakumeak, migratuak eta arrazializatuak, gainerako langileek baino eskubide gutxiago izatea”.

LABeko koordinatzaile nagusiak gaineratu duenez, “gure ustez, gizarte gisa, ezin dugu onartu zaintza-lana, guztiz beharrezkoa eta ezinbestekoa baita bizitzari eusteko, egungo baldintzetan egitea. Ezin dugu lan-esplotazio hori onartu”.

“Errealitate horrek gizarteko eragile eta estamentu guztiei eragiten digu. LABek bere gain hartzen du dagokion zatia, eta, horregatik, bide guztiak erabiltzen jarraituko dugu, bide penala, ekintza sindikala, interpelazio politikoa eta gainerako sindikatuekiko eta mugimendu feministarekiko aliantzak, etxeko langileen eskubideak bermatzea lortu arte eta beren lana behar bezalako aitorpen politiko, ekonomiko eta sozialarekin garatu ahal izatea lortu arte”, gaineratu du Aranburuk.