Koronabirusak ez du prostituzioa eteten

Koronabirusak ez du prostituzioa eten. Jarduera horretan dabiltzan emakumeak egoera kritikoan daude. Prekarietate ekonomikoak aktibitatean jarraitzera bultzatzen ditu eta birusaren kontrako babes neurririk gabe dabiltza, Munduko Medikuak erakundearen arabera.

Nahiz eta burdel eta pisu gehienak ateak itxi dituzten, leku horietan daude konfinatuta eta proxenetek ematen dizkiete janaria eta beste produktu batzuk. Bertan dauden emakume askok euren jarduerarekin jarraitzen dute, pisuen errentak ordaindu ezin dituztelako edo beren kargura adingabeak dituztelako.

Munduko Medikuak erakundetik diotenez, horietako emakume askok beldur diote egoera luzatzeari, kasu horretan ezin izango dute gelen alokairua ordaindu eta. Gainera, baliteke jabeek kalera botatzea.

Egoera horri aurre egiteko aterpe, janari eta garbiketa eta higiene-produktuak eskatzen dituzte. Baita esnea umeentzat ere.  Halaber, prebentzio-materiala behar dute, zaila delako eurentzat konfinamendua egoera honetan. Gehienek ez dute osasun-zerbitzuetara sarbiderik, ‘paperik gabekoak’ dira eta.

Gobernuen eskaintzatik kanpo

Trata biktimentzat arazoa larriagoa da. Zorrak dituzte esplotatzaileekin eta itxialdia luzatzen bada zenbatekoa handitu egingo da. Kaleetan eta poligonoetan daudenek prostituidore eta garraiolarien eskarei erantzun behar diete bizirauteko.

Erakunde medikoak prebentzio eta laguntza kanpainetan emakume hauek kontuan har ditzala eskatu dio Gobernuari. Egoera irregularrean daudenez, Gobernuaren baliabide eskaintzatik kanpo geratzen dira. Esate baterako, ez dira gas, argindar eta ur mozketaren debekuaz onuradun.

Babes psiko-soziala da behar duten beste laguntza bat. Ia denak atzerritarrak dira, familietatik urrun bizi dira eta hemen ez daukate ez sare sozialik ezta familiarrik ere. Horretaz gain, burdel eta pisuetan konfinatuta bizitzeak estres-gainkarga eragiten die.

Krisi honetaz harago, Munduko Medikuak-ek prostituzioan dauden emakumeak babesteko etxebizitzak, baliabide ekonomikoak, formakuntza eta prostituzio egoeratik irten ahal izateko lana erreklamatzen du. Elkarteak ez die ekintza zuzena eskaintzen egun hauetan baina telefonoz artatzen dituzte eta mugikorrerako aplikazio bat egin du koronabirusaren inguruko eta osasun inguruko informazioa jaso dezaten.

2000 mila emakume burdeletan

Apramp elkarteak prostituituekin lan egiten du eta behar aukerak eskaintzen dizkie. Elkartetik diotenez, 2.000 mila emakume inguru bizi dira burdeletan eta egunero 60 euro ordaindu behar dute ohe eta janariaren truke. Asko kanporatu egin dituzte.

Negozio mafioso honek 50.000 emakume esplotatzen ditu, datu ofizialen arabera, eta 5 milio euro mugitzen ditu egunero, Rocío Mora Aprampeko koordinatzaileak dioenez.

Nahiz eta prostituzio-etxeak itxita egon, 2.000emakume inguru bizi dira bertan oraintxe, GKEren datuen arabera. Ez daukate nora joan, atzerritarrak dira eta.

Aprampeko beste kide batek Ana Estevezek klub batzuek puteroentzan jaiak antolatzen ari direla salatu du. Baina dagoeneko, hostalak direnez, ixteko agindua jaso dute eta emakumeek ezin dute nora joan. “Asko kalean daude eta beste batzuk ezagunen etxeetara joan dira”, azpimarratu du.