Maite Barreña Justizia Feminista Mintegiko kidea 
“Jendarte indibidualista, kapitalista, predatzaile honetan amore ematea porrot modura bizi izan da”

Feminismoak ez du izan nahi politika publikoetan bete behar den kuota edo osagarri bat, badakielako jendartea aldatzeko zeharka eragin behar duela esparru guztietan. Horregatik, bake prozesua bideratzeko sortu zen Foro Sozialean justizia patriarkalari buruz ari dira eztabaidatzen hainbat esparrutatik etorritako emakumeak. Foro Sozialean bertan genero ikuskera txertatzeaz gain, Gogoetabidean deitutako emakumeen lantalde propio bat sortu dute. Bertan Justizia Feminista Mintegia antolatu zuten justiziari buruz hausnartzeko. Maite Barreña durangarra ekimen horretan dabilen emakumeetako bat da.

-‘Emakumeen egia aitortu. Nik sinesten dizut’ izeneko ekitalditik sortu zen Justizia Feminista Mintegia. Bertan hainbat emakume erasoturen testigantzak entzun ziren. Zein ondorio atera zenuten esperientzia horretatik?
-Foro Soziala Euskal Herrian bake prozesuaren inguruko gogoeta egiteko eta bake prozesua ahalbideratzeko sortu da. Horko kide batzuek —ni orduan ez nintzen kidea— genero ikuskera txertatzea nahi zuten egiten ziren ekitaldietan eta horretarako hainbat emakume feministari deitu ziguten, denak aktibistak, batzuk unibertsitatekoak, beste batzuk berdintasun teknikariak eta beste batzuk sindikatukoak. Foroaren barruan gatazken inguruan egiten diren errelato, aitortza eta mahai inguruetan guk egiten dugun ekarpena da emakumeen ahotsa, errelatoak, aitortzak presente egon daitezen eta horretarako tresna eta bitartekoak lantzen ditugu elkarlanean.Hortik aparte, egiten dugun planteamendua zera da: Euskal Herrian bakera helduko bada ez da bakarrik izango gatazka armatuaren ondorioak amaitzen direlako, baizik eta emakumeok jasaten ditugun bestelako biolentziarekin ere amaitzen dugulako. Eta hor txertatzen ditugu biolentzia matxistak.

“Atera genuen ondorioa izan zen bai biolentzia matxista, bai biolentzia politiko kasuetan, gure errelatoa eta testigantzak zalantzan jartzen direla”

“Gure errelatoa eta testigantzak zalantzan jartzen dira”

Biolentzia biak lotuta daude, bide paraleloak daramatzate?
-Biolentziaren inguruko hausnarketa eta biolentziarik gabeko espazioei begirako hausnarketa kolektiboa egin behar dugula eta hainbat momentutan gauzak elkartu egingo direla uste dugu. Gu jendartea interpelatzen, instituzioak interpelatzen, geure buruak interpelatzen ari gara etengabe eta konturatzen gara batetik eta bestetik egiten ditugun hausnarketek bat zein beste biolentzietarako balioko dutela. Adibidez, ‘Nik sinesten dizut. Emakumeen egia aitortu’ agerraldia egin genuenean Sandra Barrenetxearen tortura kasua epaitzen ari zen Bilbon eta bere testigantza entzun genuen. Sandraren kontrako biolentzia politikoa zen baina sexista eta sexuala ere bai. Poliziaren kalabozoetan torturak jasan zituen baina torturek oso ikuskera sexista eta matxista izan zituzten. Eta atera genuen ondorioa izan zen bai biolentzia matxista, bai biolentzia politiko kasuetan, gure errelatoa eta testigantzak zalantzan jartzen direla. Kasu horretan Sandraren errelatoa zalantzan jarri zen, ETArekin zuen ustezko harremanagatik torturak salatuko zituelako bai edo bai, eta bere errelatoa argudio horrekin deseustatu zuten. Baina gainontzekoetan ere, biolentzia matxista hutsaren kasuetan ere, emakumeon errelatoa zalantzan jartzen da. Ekitaldi publiko horretan emakumeek kontatutako 11 biolentzia errelato jaso genituen: bortxaketa baten errelatoa, tortura batena, guda zibilean bortxaketa pairatu zuen emakume baten istorioa, espazio laboralean ere jazarpen sexuala jasandako emakume baten istorioa, Lolita Chaves errefuxiatuarena, transfobia eta lesbofobia izandako emakume birena. Horrekin esan nahi genuena zen edozein dela biolentzia ere, biolentzia horiek emakumeen gorputzetan gertatzen direnean, gure egia eta gure errelatoak ezbaian jartzen direla. Ez dugu esango biolentzia berdinak direnik baina hausnarketa kolektiboa egin behar dugu, askotan elkarrekin gurutzatzen direlako eta guk geure burua Euskal Herria libre batean jartzen badugu hor emakumeok libreak izan behar dugulako.

“Feminismoak badauka genealogia bat justiziaren inguruan”

Galdera batzuk planteatu zenituzten: Zer da egia guretzat? Nolakoa da guk nahi dugun justizia kontzeptua? … Galdera horietatik zein erantzun ari dira sortzen?
-Testigantza horiek jasotzearekin batera hausnarketa zen nola heldu biolentziarik gabeko espazio batera eta etengabe ateratzen zen galdera zen biolentzien aurrean emakumeok zer eskatzen diogun justiziari edo zer espero dugun justziarengandik.

-Eta hortik dator justizia feministaren ideia?
-Ideia hori ez da hasi gure hausnarketarekin. Feminismoak badauka genealogia bat justiziaren inguruan: Basauriko abortuaren kasuetan, OTANen kontrako jarreran, errefuxiatuen auziaren kontrakoan edo Irakeko gerraren kontrako posizioan edo Beltzezko Emakumeen ekimenean. Horiei begiratu izan diegu eta gure berrespenerako  ikusi izan ditugu Euskal Herriko mugimendu feministak era askotan erantzun diela biolentzia mota ezberdinei. Gainera, bakegintzarekin oso lotuta egon den korriente bat ere egon da. Beste korronte bat ere oso lotuta egon da internazionalismoarekin. Eta horietan guztietan, gatazka ezberdinetan, batzuk armatuak beste batzuk politikoak eta beste batzuk biolentzia matxistaren ingurukoak, feminismoak etengabeko ekarpenak egin ditu. Horretaz hitz egiteko, Mintegi Feministak jardunaldi bat antolatu zuen eta hainbat emakume feminista gonbidatu genituen, sistema judizialeko aktoreak, abokatuak, fiskalak… Baina horren aurretik antropologo jurista bat ekarri genuen saio batera eta idazle feminista askoren artikuluak eta kartzelaren edo sistema punitiboaren inguruan egin diren hausnarketak,  bai hemen bai Latinoamerikan, landu izan ditugu. Dokumentu pilo bat aztertu genituen eta hainbat korapilo topatu genuen.

“Galdera asko sortzen dira pentsatzen dugulako sistema oso ikuspuntu punitibotik dagoela eraikita eta guk planteatzen dugu ea punitibitate horrek asetzen gaituen ala ez, erreparatzailea den ala ez”

“Sistema oso punitibioa da”

-Zeintzuk dira?
-Asko dira. Lehenengoa da zer den justizia feminista emakumeontzat. Eta horri erantzuteko hainbat galdera egiten ditugu: zer den erreparatzailea, zer den punitiboa, zerk asetzen gaituen, nork asetu behar gaituen… Galdera asko sortzen dira pentsatzen dugulako sistema oso ikuspuntu punitibotik dagoela eraikita eta guk planteatzen dugu ea punitibitate horrek asetzen gaituen ala ez, erreparatzailea den ala ez. Egun dagoen sistema judizialak sistema politiko eta sozial jakin bati erantzuten dio eta sistema judizialak berak badu ideologia bat eta helburu bat eta ez die emakumeen interesei erantzuten.

-Horretan ados zaudete denak?
-Ñabardura azkoz baina iritzi berekoak gara. Egun bizi dugun egoeratik beste egoera batera pasatzea ez da berehalako gauza izango, prozesu kulturala izango da, beste kultura bat garatu behar dugu, beste ideologia batzuk ere garatu behar ditugu eta hausnarketa egin behar dugu pentsatzen dugulako egun gauden egoeran emakume askok biolentzia pairatzen dutela eta libre sentitzeko bidea da pertsona hori kontrolpean egotea.

-Emakume erasotuei ipinitako bizkarzainez eta horrelako beste baliabideez ari zara?
-Ez gara heldu horretara. Guk esaten duguna da Euskal Herrian emakume bat arriskuan baldin badago gizona kartzelan egotea lasaigarria izan daitekeela baina ez dugu uste horrek egoera erraparatuko duenik eta horrekin erreparazioa lortuko denik.

“Sistema judizialak ez die emakumeen interesei erantzuten”

-Eurentzat batzuetan zaila izaten da salaketa jartzea
-Bai, emakumeak sistema honetan desjabetuta gaude. Askotan emakumea behartuta dago prozesu judiziala hastera eta gero ez da prozesuaren jabe. Prozesu horrek heldu nahi ez dugun egoerara eramaten gaitu. Gainera, egoera horrek tentsioak areagotzen ditu, sistemak despersonalizatu egiten gaitu eta adin txikikoak bagina modura tratatzen gaitu eta prozesu horretan bestelako biktimizazio asko izaten dira. Orduan guk esaten duguna da egungo sistema judizialak ez diela emakumeen interesei erantzuten. Hori oso argi daukagu. Bigarrenik, oso argi daukagu sistema punitiboak ez duela erreparazioa eskaintzen eta oso argi daukagun beste gauza bat da erantzunak ez direla indibidualak izan behar baizik eta komunitateak hartu behar duela protagonismoa eta erantzukizuna. Hori gero nola gauzatzen den ez zen jardunaldiaren helburua izan. Guk ez dugu ez hasten ez ixten debatea. Ziur aski azaroan egingo diren jardunaldi feministetan helduko zaio kontu honi.

“Euskal Herrian bakea nahi bada edo denontzat edo inorentzat ez da izango”

-Bai estatuak eta bai ETAk eragindako biolentziari buruzko biktimen testigantzak jaso nahi izan dituzue. Denon partaidetza lortzea eta akordio puntuetara heltzea zaila dela ematen du kanpotik ikusita.
-Oraindik orain oso zaila da eta guk saiakerak egin ditugu denon ahotsak eta denon testigantzak jasotzeko, pentsatzen dugulako biolentzia jasan duten guztien testigantzak egon behar direla. Euskal Herrian bakea nahi bada edo denontzat edo inorentzat ez da izango.

Amore ematea

-Askotan esaten da emakumeok askoz abilagoak garela negoziazioetarako, enpatiarako eta diferentziak lantzeko. Horretan sozializazio patriarkalak eragin handia du. Balio erantsi hori badaukagula pentsatzen duzu?
-Emakumeak oso ohituta gaude eguneroko gatazka txiki asko konpontzen eta horrek ikasgai bat ematen digu eta praktika baliagarria da beste gauza batzuetarako. Baina hau guztia ez dut ikuspuntu biologizista batetik esaten, baizik eta praktika sozial batetik: horretarako hezten gaituzte. Lehen aipatu ditudan korapiloen artean beste bat izan zen zer den amore emotea. Jendarte indibidualista, kapitalista, depredatzaile honetan amore ematea porrot modura bizi izaten da. Askotan elkarrizketari eta negoziazioari irabazi/galdu dikotomia horretan ekiten diegu: zeinek galduko du eta zeinek irabaziko du. Termino horiek aldatu behar direla pentsatzen dugu. Guk uste dugu amore ematearen kontzeptua baloratu beharko litzatekeela. Kontua da zein aktorek ematen dugun amore arinago eta zergatik. Agian emakumeok egiten dugu hori, pribilegioek eta harreman botereek horretara behartzen gaituzte eta. Esan nahi dut emakumeen eta gizonen arteko harremanak ez direla berdinak, baizik eta jerarkizatuak eta botere harremanare baitan izaten dira. Horrek irauten duen bitartean negozioazioa, amore ez da berdintasunean emango. Zer den justizia patriarkala planteatzen dugunean argi daukagu justizia feminista ez dela existituko aldaketa kulturala eta ideologikoa ez datorren bitartean. Beste kultura bat sortu behar dugu, feminismotik bestelako ideologia batzuk sortu behar ditugu non elkarrizketa, negoziazioa eta amore ematea ere beste parametro batzuetan egin behar den. Ziur asko, erreparaziotik eta alde bientzako garipenetik.