Garazi Goienetxea Antolakuntza taldeko kidea 
«Jardunaldiak Euskal Herriko feminista orok eraiki ahal izateko atea irekita egon da»

Ia dena dago prest Durangoko Jardunaldi Feministetarako. Talde antolatzaileari hiruzpalau gauza baino ez zaizkio falta dena lotzeko. Martxoak 8 bukatu eta berehala hasi ziren prestatze lanak. Ordutik liberatu gisa ibili da Garazi Goienetxea Díez, Santurtziko Mari Matraka talde feministako kidea.

Berarentzat “kristoren pribilegioa” izan da jendearen aniztasuna kudeatzea eta “aberastasun horretatik ikastea”. Izan ere, talde asko, ikuspuntu desberdinekin, ari dira parte hartzen prestaketan. Horretaz gain, “elur bola baten moduan zabaldu zen” saretze prozesu baten bidez feminista guztien ekarpenak kontuan hartu nahi izan dituzte.

“Mugimendu feminista nola ulertzen den eztabaidatu da ariketa kolektibo batean”

Bilakaera horretan, “atea irekita egon da jardunaldiak Euskal Herriko feminista orok eraiki ahal izateko, ponentzietarako proposamenak eginez, tailerrak aurkeztuz…”, azaldu du Goienetxeak. Bide batez, jardunaldiei begira “burua berotzeko”, mugimendu feminista nola ulertzen den eztabaidatu da ariketa kolektibo batean. Horretaz gain, inguruko errealidadeari buruzko hausnarketa eta diagnostikoa egiten saiatu da.

Emaitza emankorra izan da. Guztira 125 hitzaldi, eztabaida, tailer eta bestelako ekitaldi egingo dituzte esparru desberdinetan. Momentuz erabaki gabe dago non izango diren emanaldi guztiak.

Mahai inguru zentralak eta bazkaria Landakoko pabiloian izango dira, Abenduko Durangoko Azoka egiten den leku berean. Tailerrak eta programatutako ikuskizunak Institutu, Pinondo Etxea, eta Andraguneren artean banatuko dira. Plateruenean haurtzaindegia izango da eta Landako eskolako frontoian lotarako gunea.

Mapa bat ekitaldi guztiekin

Hasierako egunerako mapa bat aterako dute ekitaldi guztiekin. Asko-asko dira. Egundoko lana egin du antolakuntza taldeak, mugimendu feministarekin batera, jardunaldi batzuetarako inoiz egin den programarik sendoen eta aberatsena osatzeko. Emakumeen errealitate guztiak zabaltzen saiatu dira eta aurreko edizioetan egon ez diren taldeak gonbidatu dituzte: migrante eta arrazializatuak, ijitoak, musulmanak, baserritarrak…

Baina ekitaldiak antolatzeaz aparte, beste talde-lana batzuk ere eratu dira beharrizan guztiak aurrera eramateko: logistikarena, azpiegiturarena, diru-zaintzarena, komunikazioarena eta abar.

Erronka ez da makala izan. Talde antolatzailea finantzaketa topatzeaz ere arduratu behar izan da. Goienetxeak dioenez, erakunde batzuek, esate baterako Emakundek, EHUko Berdintasun Masterrak eta Durangoko Udalak diru laguntza eman die baina ez da nahiko izan eta “zoritxarrez, dirua beharrezkoa denez”, izen ematea kobratu egin behar izan dute. Hortik aterako dute aurrekontuaren zatirik handiena.

“Inskripzioa zabalik dago berriro baina zenbait ekitalditarako baino ez”

Bolondres lana

Beste erronka bat bolondres lana egiteko prest dauden emakumeak topatzea izan da. “Adibidez, sukalde lanetarako emakume gutxi dago, muntaia eta desmuntariarako ere jendea behar dugu. Jendea txandak egiteko animatzen ari gara eta erantzun ona jasotzen ari gara” Izen ematea itxi zutenean eta 2.500 emakume inguruk eman zuten izena. Jende gehiagok apuntatu nahi duela ikusita, inskripzio orria zabaldu dute berriro baina zenbait ekitalditarako baino ez.

Goienetxea emakume gaztea da, 29 urte ditu. Berarentzat lehenego jardunaldiak izango dira. “Portugaletekoetan ez nintzen egon, oso gaztea nintzen; baina, bai jardunaldi horietaz, bai Estatu mailan Granadan egindakoez maitasun handiz hitz egin didate eta nik ere emozio horrekin bizi dut prozesua eta uste dut jardunaldiak historikoak izango direla eta asko ikasteko eta bizitzeko aukera izango dugula eta hortik gauza politak etorriko direla”.

Etorkizunaz galdetzen diogunean zera dio: “Ez naiz futurologoa baina garai gogorrak datoz. Biraketa politikoa bizi dugu; neofaszismoa fenomeno globala da eta momento honetan errealitatea aldatzeko proposamen eraldatzailea egiteko gai dela feminismoa uste dut”.