Protesta Bilbon Irango moralaren poliziaren esku hil den Masha Aminirengatik

Irango moralaren poliziaren esku izan den Masha Amini kurduaren heriotzak istiluak eragin ditu ekialdeko herrialdean zehar eta bertako feministek nazioarteko elkartasuna eskatu dute.

Euskal Herrian antolatu den lehenengo ekimena Women Defend Rojava Bizkaiak bultzatu du Kurdistanekin Elkartasun Ekimenarekin batera. Kontzentrazioa deitu dute Bilbon, gaur, 19:00etarako, Arriaga plazan. 

Amini, 22 urtekoa, Orientazio Patruilak atxilotu zuen, herrialdeko moralaren polizia deiturikoak, ustez islamiar jantzien kode zorrotza urratzeagatik. Derrigorrezko hijab-a askeegi omen zeraman. Konortea galdu zuen atxilotuta zegoela, eta ospitalean hil zen irailaren 16an. Agintariek komaren eta heriotzaren arrazoiak aurretik zituen osasun-arazoak izan zirela argudiatu zuten.

Aminiren familikoek uko egin diote baieztapen horri. Gaztea osasuntsu zegoela eta hil aurretik buruan zauriak eta hematomak izan zituela esan zuten.

Errepresioa

Aminiren heriotzak Irango erregimenaren aurka haserrea eragin du, eta emakumeak kalera atera dira zapiak erre eta ilea moztera, protesta gisa. Gazte kurduaren hilketa herrialdeko errepresioak eta krisi ekonomikoak eragindako ezinegona piztu duen metxa izan da. Protestak hiri nagusietara zabaldu dira, eta oraindik jarraitzen dute.

Bilboko ekimenaren antolatzaileen iritzian, Masha Aminiren heriotzak “agerian utzi du Iranen emakumeak eta gizarteak oro har jasaten duten zapalkuntza, tortura, hilketa, atxiloketa, etxeen profanazioa, lantokiaren profanazioa eta emakumeen aurkako indarkeria”.

Diotenez, “Jin Jiyan Azadi! (Emakumea, Bizitza, Askatasuna!) kontsigna Kurdistandik herrialde osora hedatu da, baita mundu osoko emakumeengana ere, ez baitago askatasunik emakumea askea ez bada”.