Idurre Eskisabel, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi berria

Idurre Eskisabel Larrañaga izango da Euskalgintzaren Kontseiluak idazkari nagusi berria. 12 urteko ibilbidearen ondoren, Paul Bilbao Sarria ordezkatuko du Kontseiluko ardura nagusienean. Abenduaren 6an Durangon irudikatuko da kargu hartzea, erakundearen 25. urteurreneko ekitaldian.

Eskisabel Beasainen jaio zen 1970 urtean. Kazetaritzan eta Antropologian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta kazetaritzan ibilbide luzea du: Euskaldunon Egunkaria eta Berrian egin du lan, eta hainbat hedabiderekin kolaboratu du: Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Euskalerria Irratian, besteak beste.

Gaur egun, Jakin pentsamendu aldizkariko eta pentsamendu feminista euskaratzea xede duen Eskafandra bildumako kontseilu editoreetako kidea da, baita Ondas Saria jasotako Lokatza podcasteko egileetarikoa ere.

Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kidea da, zehazki Hizkuntza eta Genero atalekoa. Lanbidez EHUko Kazetaritza Saileko irakaslea da, eta bertan prentsa edizioa, irratigintza eta informazio generoak irakasten ditu.