Gure arropa egiten zuten 1.138 langile hil ziren Bangladeshen duela 10 urte

Ehungintza-industriaren historiako hondamendirik handiena gertatu zenetik 10 urte beteko dira datorren astelehenean. Bangladesheko Savar hirian Rana Plazako eraikina erortzean 1.138 lagun hil eta 2.000 baino gehiago zauritu ziren. Gehienak emakumeak ziren.

SETEM elkarteko ‘arropa garbia’ kanpainak salaketa-ekintza antolatu du Gasteizen urteurren egunean (11:00etan, Andra Mari Zurian). Emakumeen Mundu Martxak babesa eman du. Antolatzaileek herritarrei beltzez jantzita etortzeko dei egin diete.

Ekintzak bi helburu ditu: alde batetik, biktimak eta haien familiak oroitzea eta, bestetik, Segurtasunerako Nazioarteko Akordioa oraindik sinatu ez duten arropa-markei akordio hori sinatu dezatela exijitzea eta aldarrikatzea.

SETEMen arabera, “Rana Plazako zein arropagintzako biktimen oroitzapenak, halabeharrez, akordio bat eskatzen du. Zehazki, markek beren lantegietan lan egiten duten pertsonen bizitzaren aurretik beren etekinak jartzeari uztea eskatzen du, eta Nazioarteko Hitzarmena sinatzeko konpromisoa hartzea”.

Dagoeneko 190 enpresak baino gehiagok sinatu dute akordia, eta hamargarren urteurren honetan konpromisoa hartu ez duten horietan jarri nahi izan dute arreta, “kasurako, Levi‘s, Decathlon, Amazon eta IKEA”.

“Eginahalak egin ditzagun enpresa horiek mundu guztiaren arreta jaso dezaten eta, horrela, Rana Plaza gehiagorik egon ez dadin”, nabarmendu du SETEMek.

Arropa Garbiaren Kanpaina

Arropa Garbiaren Kanpaina (LHK) GKEn, sindikatuen eta kontsumitzaileen erakundeen sare bat da, eta lan-baldintzak hobetzeko eta jantzigintzaren industria globalean lan egiten duten pertsonak ahalduntzeko lan egiten du.

Lan-baldintzak Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LANE) ezarritakoen parekoak izatea lortu nahi dute, eta baita ehungintzak ingurumenean duen eragina minimizatzea ere.

LHK etengabe hazi da 1989an Herbehereetan sortu zenetik. Gaur egun, nazioarteko sarea 45 herrialdetan jarduten duten 235 erakundek baino gehiagok osatzen dute. Europan, ‘Clean Clothes Campaign’ 17 herrialdetan dago aktibo. Estatu Espainiarrean, Arropa Garbia Kanpaina SETEM Federazioak koordinatzen du, Isabel Martín Fundazioaren laguntzarekin.

Emakumeen Mundu Martxa

Emakumeen Mundu Martxak bat egin du ekimenarekin eta Rana Plazako tragedia salatu du. Astelehenean bertan, gerren eta mugen industriaren aurkako elkartasun feminista jardunaldi bat antolatu du, ‘Gerren eta mugen industriaren aurkako elkartasun feminista’ izenburupean. Hitzordua, Bilboko La Bolsan, 19:00etan, da.