Greba feminista orokorra azaroaren 30ean

Denon Bizitzak kolektiboak greba orokorra deitu du azaroaren 30erako. Zaintza-sistema publiko eta komunitarioa eta zaintza eskubide kolektibo bezala aldarrikatuko da. Auzo eta herrietako deialdietara batzeko gonbidapena luzatzen diote euskal herritar orori. Izan ere, asanbladetan eta kaleetan landuko da azaroaren 30ari begirako prozesua.

Denon Bizitzak zaintzen “pribatizazioaren eta merkantilizazioaren aurka” dago eta zaintza lanetan eta sektore feminizatuetan egoten diren baldintza onartezinak salatu ditu. Egungo sistema mantentzen dutenei erantzukizuna exijitu diete.

Kolektibo honentzat “bizitza duinen aldeko borroka da, bizitza osoan zehar zainduak izateko” eta zaintzan denon konpromisoa lortzeko. Horretarako “zaintza-sistema irauli EGIN behar da pausoz pauso”, diote antolatzaileek.

Urtebete baino gehiago igaro da Denon Bizitzak Erdigunean zaintza sistema iraultzeko asmoz prozesua martxan jarri zenetik. Denon Bizitzak kolektiboko hainbat eragile eta norbanakoren artean abiarazi zuten, eta “gaur arte, bidean kide gehiago batu dira”.