Greba deitu du ELAk Bizkaiko zahar egoitzetan

ELAk greba deitu du Bizkaiko zahar egoitzetan otsailaren gaurtik 8ra. Sindikatuak salatu duenez, langileen egoera prekarizatuta dagoen bitartean, erresidentziek %6,5 eta %10 artean handitu dituzte tarifak eta hilean 300€ baino gehiago garestituko da plaza bakoitza.

Sektoreko 5.000 langile baino gehiagok “bi urte eta erdi daramatzate soldaten baldintzak izoztuta, lan erritmo jasangaitzak dituztela eta egoiliarrei merezi duten arreta eman ezinik”, adierazi du sindikatuak komunikatu batean. Aldundiari egotzi diote arazoa, erakundeak enpresei “gero eta irabazteko tarte handiagoa” ematen dielako.

Patronalarekin negoziazioak  blokeatuta daude. Hitzarmen sektorialaren negoziazio mahaia ez da bildu 2021eko urriaren 14tik. Datozen greba egunekin 29 izango dira jada, eta mobilizazioak indartzearen alde egingo dute “patronalak eta Aldundiak hitzarmen sektorialerako gutxieneko edukiak bermatzen ez dituzten artean”.

Greba manifestazio batekin hasiko da. Bilboko Eusko Jaurlaritzatik (Kale Nagusia, 85) abiatuko da goizeko 11:00etan foru aldundira arte, eta bertan egoitzen negozioaren berri emango dute.

Etxez etxeko laguntzan ere bai

Bestalde, sindikatuak Bizkaiko etxez etxeko laguntzan greba deitu du 13tik 17ra. Udal, mankomunitate eta patronalen “pasibotasuna” salatu du euskal sindikatuak: “2016tik ez diete hitzarmena berritu langileei, profesional gehienak emakumezkoak diren sektore honetan”.