Garaipen historikoa Amazonia defendatzen duten emakumeentzat

Ekuadorreko Amazoniako waorani herriak urteak daramatza bere lurraldearen defentsan borrokan. Pasa den ostiralean epai batek arrazoia eman zien petrolio-konpainiekin zeukaten auzian eta horren ondorioz 200.000 hektarea baso petrolio esplotazio eta patriarkatuak dakartzan kalteetatik libre geratuko dira. Epaia historikoa dela diote indigenek, ez bakarrik Amazoniaren lurraren defentsan aritzen diren taldeentzat, baizik eta lurra defendatzen duten herri guztientzat.

Pastazako epaile Pilar Arauzok herri indegenei autodeterminazio eta haien bizitokian egiten diren proiektuen inguruan baimena emateko eskubidea onartu die. Eta eskubide hori ez da bermatu kasu honetan, azpimarratu du.

Waoraniak Yasuní parke naturalean bizi dira. Lurralde hori planetan bioaniztasun gehien daukan lekua da eta horregatik dago babestuta. Bere azpian petroleoaren erreserba erraldoia dago. Nahiz eta erregaia kalitate gutxikoa izan, gobernuarentzat diru iturria da eta interes handia du ustiaketan, garapen ekonomikoa aitzakia hartuta.

Antzinako etnia waoraniaz gain, erabateko isolamenduan bizi diren bi klan daude Yasunín: Tagaeriak y Taromenaneak. Ez dute kanpoko munduarekin harremanik eta beren arbasoen bizimodua egin dute orain arte. 2006an euren idisionkrasia babesteko Ameriketako Giza Eskubideen Batzordeak neurriak jarri zituen herri horien lurraldeak babesteko. Hala eta guztiz ere, badaude Yasunín petrolioa ateratzeko egitasmoak eta hori herri hauen bizimodua kaltetzen ari da.

Emakumeak, protagonistak

Hori dela eta, indigenak beren lurraldearen defentsaren alde borrokan ari dira azken hamarkadetan. Emakumeak protagonistak izan dira protestetan. Bizitzaren defentsan antolatu zuten martxan haiek joan ziren lehenengo lerroan. Ekitaldia Quiton egin zen 2013ko urrian.

Herri indigenek lurrarekin lotura handia dute. Haientzat basoa etxea eta ispirituak bizi diren lekua da. Oihana biziraupen fisiko eta kulturalaren oinarria da. Sakratua da. Landareetatik eta basotik elikagaiak eta botikak ateratzen dituzte. Bizitzeko behar duten guztia bertan daukate eta petrolio industria oso kaltegarria da lurra kutxatzen duelako.

Mugimendu feministarentzat emakumeok ‘bizitza erdigunean’ leloaren zentzua irudikatzen dute heteropatriarkatu kapitalistaren harrapakaritzaren aurka borroka egitean. Izan ere, petrolio-konpainien jarduerak  lurraldeak maskulinizatzen ditu: gizonei lan prekarioa eskaintzen die, frustratuta sentitzen dira eta alkoholaren kontsumoak gora egiten du. Gainera, prostituzioa eta bortizkeria matxistaren gorakada sumatzen da. Horretaz gain, lurraldearen militarizazioa eta Poliziaren presentzia jasaten dute herrialde indigenek.

Bestalde, bizitzaren ugalketa ezinezkoa da petrolioaren eraginez. Petrolioak lurrak eta animaliak kutsatzen ditu. Emakumeentzat horrek kalteak dakartza, hain zuzen, autonomia ekonomikoa galtzen dute bizitzaren iturriak hondatzen direlako. Gainera, gaixotasunak areagotzen dira eta zaintza lanez haiek arduratzen dira.

alicia cahuiya

Alicia Cahuiyak, liderra lurraldearen defentsan

Alicia Cahuiyak, emakume waoranien liderrak lurraldearen defentsan hasi zen errepide batek bere arbasoen kanposantua hondatu zuenean. Gizon zaharrek beraren esku utzi zuten petrolio-industrien kontrako borroka. Aktibismoaren ondorioz mehatxuak jaso ditu.

Petrolioa atera ahal izateko petrolio-konpainiek Estatuaren agintariekin batera mota guztietako kako-makoak erabiltzen dituzte. Propagandaren bidez, gazteei eta gizonei batez ere nahi berriak sortzen zaizkie edota konbentzitu nahi dituzte petroliaren esplotazioaren onurez, hau da, beharrezkoa dela Amazoniaren biztanleak pobreziatik ateratzeko.

Hango komunitate indigenek, berriz, bizitza duina daukatela diote: antzinako ezagutza, janari organikoa, lasaitasuna, ingurugiro garbia… dauzkate. “Guk aberastasuna eta pobreziaren inguruan hiritarrengandik ikuspuntu desberdina daukagu”, dio Patricia Gualingak, kichwa sarayaku herriko liderrak. Horri guztiari ‘bizitza onaren’ paradigma deitzen diote eta eredu hori nazioartean onartua eta babestua izan dadin nahi dute. Kategoria horrek komunitate indigenen eredu kulturala, eta oihanaren zaintza hartzen du bere baitan.

Planetaren birikia

Izan ere, Amazoniako oihana planetaren birikia da eta horregatik Ekuadorreko presidentea izan zen Rafael Correak basoa mantentzeko konpromisua hartu zuen baina horretarako munduko herrialdeei laguntza eskatu zien. Laguntza ez zen ailegatu eta horregatik petrolioa ateratzeko planak mahai gainean daude oraindik ere.

Momentuz komunitate indigenek auzi bat irabazi dute. Herri xume bat kultura maskulino, azal zuriko, burgesaren kontra. Kultura kapitalistaren kontra, non batzuek komunitate osoen etorkizuna erabakitzen duten, natura suntsitzen duten etekin ekonomikoa ateratzeko eta beste eredu sozialekin amaitu nahi duten euren logika, etekin azkarren logika, ezartzeko.

Waoranien garaipena, beraz, historikoa da, ez delako eurena soilik, baizik eta komunitate indigenena, bizitzarena, planetarena, feminismoarena eta bizitza onarena ere bai.